Plataformas 'streaming'. Producciones vascas: ¿Más que escaparates?
- Fecha23 de Septiembre
- Temática Audiovisual
Ez dira etorkizuna, orainaldia baizik. Ikus-entzunezko streaming plataformak Euskal Herriko egongeletara heldu diren moduan iritsi dira euskal ekoizpenetara ere. Filmei dagokienez, haien eragina nabaria da dagoeneko; kasu bakanak dira oraingoz, edonola ere. Kontsumo ereduaren aldaketaren ondorioz, trantsizio fasean dago zinemagintzaren industria, eta plataformak eztabaidaren erdian sartu dira. Adituen artean, ordea, galdera gehiago eragin dituzte erantzunak baino: zer paper jokatu behar dute plataformek ikus-entzunezko ekoizpenetan? Non dute muga? Diru kontuetatik harago joan behar dute? Batzuentzat munduko erakusleihorik garrantzitsuenak bilakatu badira ere, beste batzuentzat kultur sorkuntza mugatzeko tresna baino ez dira. Kameraren kokalekuaren araberakoa da ikuspuntua hemen ere.
Hiru euskal ekoizpenetan aurki daiteke streaming plataformen arrastoa oraingoz: Loreak, Handia eta Errementari filmetan. Netflix AEBetako plataforma erraldoia dago arrasto horien atzean. Hiru kasuetan, baina, konpainiarekin izan duten harremana guztiz desberdina izan da.
Xabier Berzosa Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeetako kidearen iritziz, hiru kasuek erakusten dute azken urteetan euskal zinemagintzaren sektorean gertatu den «aldaketa garrantzitsua». Ez bakarrik izan den jauzi kuantitatiboagatik, baita kualitatiboagatik ere: «Euskal Herrian azken urteetan egin diren pelikulak egin dira finantzaketa hori hor egon delako». Esan duenez, plataformek produkzioa handitzea ekarri dute, «eta horrek lana esan nahi du». Baina, batez ere, munduratzeko aukera bat eman diote plataformek euskal zinemagintzari. «Erakutsi dute Euskal Herria beste aukera bat bilakatu dela munduko zinema industriarentzat. Ez bakarrik kontatzeko istorio propioak ditugulako, baizik eta hemen ere talentu handia dagoelako».
Paul Urkiko zuzendariak ere begi onez hartu du plataformen esku hartzea euskal ekoizpenetan. Haren kasuan, aitortu du «onuragarria» izan zela Errementari filmean Netflixek egindako ekarpena. «Errementari mundu guztian ikusi ahal izan da plataformari esker; herrialde guztietako egongeletara iritsi da euskaraz egindako fantasiazko film bat. Beste modu batera ezinezkoa litzateke».


