Agurtzane eta Ion Elustondo: «Este disco se lo hemos dedicado a nuestros antecesores trikitilaris»
- Fecha17 de Junio
- Temática Música
Lehen diskoa kaleratu eta lau urtera bigarrena ekarri dute Agurtzane eta Ion Elustondo legazpiarrek, esanahiz betetako 'Bizirik dauden eskuak' lana
Gazteak dira Elustondo anai-arrebak, Agurtzane eta Ion. Oso gazterik hasi zirenez, ordea, urte asko daramatzate legazpiarrok erromeriaz erromeria, soinuarekin bata eta panderoarekin bestea. Garai bateko trikitilariak ezagutzeko eta haiengandik ikasteko zein belaunaldi berrien iritsiera eta trikitixaren azken urteetako bilakaera ikusteko adina. Euskal Herriko Txikitixa Elkarteko lehendakari izateak ere eman dio ogibidez ekonomialaria den Agurtzaneri bilakaera horren eta trikitixak gaur egun bizi duen egoeraren ikuspegi zabala. Besteak beste, emakumeek trikitixan izan duten rolaren aldaketaren ingurukoa, bereziki arduratzen baitu gai horrek. Esperientzia horiek guztiek, lehengotik jasotakoak eta gaur-gaurkoaren jabe izateak, ezusteko mingarren batzuk... Horrek guztiak utzi du arrastoa Elkar-ekin argitaratu duten 'Bizirik dauden eskuak' diskoan.
Nola planteatu zenuten bigarren disko hau?
Diskoa egiteko aukera sortu zitzaigunean ez ginen ibili pentsatzen zerk izango zuen arrakasta, edo zer salduko zen ondoen. Erabaki genuen gure gustuko diskoa egitea, eta piezak aukeratzeko orduan sueltoko asko sartu genituen: 16tik 10. Gure emanaldietan ere sueltoko dezente jotzen ditugunez, horri eman genion garrantzia. Asko zirela esan ziguten, baina aspaldian ez da kaleratu disko bat hainbeste sueltoko pieza dauzkanik.
Zuen asmoei eta borondateari ihes egiten dieten faktoreek ere baldintzatu dute diskoa.
Bai, diskoaren inguruko burutazioetan ari ginela izan ziren asko ikutu gintuzten bi gertakari. Batetik, Kepari iazko urte bukaeran gertatu zitzaiona [Kepa Junkerak iktus bat izan zuen 2018ko abenduan, Belgikan biran zela]. Zorionez ondo dago, baina handik hilabete eskasera Lajarena gertatu zen [Iñaki Garmendia 'Laja' (1944-2019) urtarrilaren 12an hil zen]. Biak oso hurbilekoan genituen. Laja izan nuen nik maisu, 10 urte nituela hasi nintzen harekin. Nik esango nuke bi gertakari horiek asko markatu dutela disko honen norabidea eta edukia.


