De la poesía, música, y de la música, un libro de poemas, entre amigos

  • De la poesía, música, y de la música, un libro de poemas, entre amigos
Naiz

  • Fecha28 de Marzo
  • Temática Música, Literatura

Eskolako lagunak ziren Sergio Ruiz eta Gari Berasaluze, musikaria bata eta idazlea bestea. Urteak pasatu ziren eta Ruizek proiektu berri batekin jo zuen poetarengana. Aspaldian galdutzat eman zituen testu batzuetatik sortu da «Enarak itzuli dira» lan bikoitza

Fotolog gure sare soziala zen garai hartan hartu zuen Gari Berasaluze idazleak bertan argazkiarekin batera poema bat argitaratzeko ohitura. Blogari blog sarean ere berdintsu egin zuen urteetan. Baina halako batean, bi plataformak itxi egin zituzten eta bere sorkuntzak galdu egin zituen.

Bakar batzuk libratu ziren, beka batera sorta bat aurkeztean inprimatu behar izan zituelako. Bekarik ez zuen lortu eta poemak kaxoi batean gelditu ziren, ahaztuta, duela gutxi etxe aldaketa batean aurkitu zituen arte.

Kasualitatez, hortik gutxira, Sergio Ruiz, Eraso! taldeko abeslaria, joan zitzaion esanez bakarkako ibilbidea hasi nahi zuela eta, txikitatik elkar ezagutzen zutenez, bere testuekin heldu nahi ziela. «Esan nion une horretan ezin nuela, baina poema zahar horietaz gogoratu nintzen eta eman egin nizkion horiekin nahi zuena egin zezan», aipatu zuen idazleak.

Musikaria buru-belarri jarri zen lanean eta hilabete batzuen bueltan diskoa egina zuen. Berasaluzeri Ruizen proposamena gustatu zitzaion eta, elkarri egindako oparitzat hartuta, poema galduak biltzen dituen liburua ere argitaratzea erabaki zuten. Honela sortu ziren “Enarak itzuli dira” liburu eta diskoa, azken hau Serge ezizenarekin sinatutakoa. «Familiak izan ezik, denek horrela deitzen didate. Diskoan ni neu agertzen naizenez, izen hori hautatu dut», azaldu zuen Ruizek. Liburuan 35 poema inguru daude, eta horietako 8 aukeratu ditu Sergek. «Saiatu naiz estribiloetan poemetako esaldirik garrantzitsuenak sartzen», kontatu zuen.

Testu horiek 2004 eta 2010 urte artean idatzitakoak zirenez, musikariaren ustez igartzen zen aspaldikoak zirela, iraganeko pasarteei erreferentzia egiten zietela, eta horregatik kanta bihurtzerakoan bere egiten saiatu da. «Ikusita nondik natorren jendeak pentsatu dezake musika gogorra dela», aipatu zuen, baina ez da hala, akustikoan gitarrarekin grabatutako kantak sortu ditu. 

Leer información completa en el sitio web de la fuente