Eleuterio Tapia, tan bueno con el acordeón como creando ambiente
- Fecha28 de Marzo
- Temática Música
Eleuterio Tapiak mendiko erromeriak eta txapelketen aro modernoa ezagutu zituen. Jaialdietan ibili zen, eta eskolak ere eman zituen. Eta, soinuarekin bat, herri kirolak uztartu zituen. Joxean Agirrek haren bizipenak bildu ditu biografia batean
Soinua alde batetik, eta herri kirolak bestetik. Bi ardatz horiek izan zituen Eleuterio Tapiaren bizitzak (Asteasu, Gipuzkoa, 1926 - Asteasu, 1988). Hain kontrajarriak iruditzen zitzaizkion bi arlo horiek nola ardaztu liburu bakar batean: hori izan zen Joxean Agirreren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949) hasierako kezka Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hari buruzko biografia bat egiteko eskatu zionean. «Segituan ikusi nuen guztia bat zela garai hartan: gaztetasuna, sasoia, indarra», dio Agirrek berak.
Eleuterio Tapia. Bera zen festa izena jarri dio liburuari, Iñaki Perurena harri jasotzaileak kontatutakoetatik abiatuta: «17 urte zituela, harakin ofizioa ikastera joaten zen Perurena Tolosara, eta astelehenetan ferian ikusten omen zuen Eleuterio, inguruan denak barrezka zituela». Bromosoa. Giroa jartzeko gaitasuna zuena. Baina zorrotz jartzen ere bazekiena. Jenio bizikoa. Hala definitu du aita Juan Tapia semeak ere: «Nire irudipena da ez ziotela soinua jotzeagatik bakarrik deitzen, giroa jartzen oso ona zelako ere bai». Buruan iltzatuta geratu zaio aitak nola esan zion behin sei piezarekin bakarrik osatu zuela erromeria. «Hura ezagututa, oraintxe txiste bat kontatuko zuen, eta gero istorioren bat, eta bertsolariren bat ikusten bazuen, puntua jarriko zion hari...».
Musika, bertsoak eta dantza. Etxean bertan bazuten giro hori. Asteasuko Errotaberrieta baserrian jaio zen, baina mutil koskorra zela herri bereko Mutegia baserrira joan ziren, eta hantxe hazi zen Tapia, beste hamalau anai-arrebarekin batera. Larunbatetan, lanak amaitu ostean, ahoko soinua jotzen zien amak, eta dantzan aritzen ziren umeak. 14 urte zituenean erosi zuen berak lehen soinua. Haren aitari ez zitzaion askorik gustatu. «Ikusi zuenean dirua ekartzen zuela etxera, orduan hasi zitzaion esaten: 'Deitzen badiate, hoa lasai soinua jotzera, guk egingo dizkiagu-eta baserriko lanak'», azaldu du Anastasia Arzallus alargunak.
Denborak aurrera egin ahala, soinu jotzaile erdi profesional bihurtu zen Tapia. Han eta hemen izaten zituen saioak, eta, batzuetan, hiruzpalau egun ere pasatu behar izaten zituen etxetik kanpo. Abuztu batean 28 saio izan zituela kontatzen omen zuen. «Azkar jotzen zuen, eta erritmoa galdu gabe; hori zen haren ezaugarrietako bat. Dantzariei asko gustatzen zitzaien». Hurrengo urteko ekitaldiak lotuta itzultzen zen leku horietako askotatik. Erromeriaz erromeriako jardunaz gain, txapelketetan ere parte hartzen zuen, eta bigarren ere geratu izan zen. Horrez gain, eskolak ematen zituen: Jacinto Rivas Elgeta-ren atzetik, aurreneko irakasleetako bat izan zen. Ikasleen etxeetan eta bere baserrian ematen zituen eskolak aurrena, eta Usurbilen (Gipuzkoa) lokal bat ireki zuen gero. «Hemen inguruko ikasleak etxean hartzeko aukera zuen, eta Usurbilen oso etxekoa zen, horregatik han».


