El Museo Etnográfico de Artziniega está agonizando
- Fecha14 de Febrero
- Temática Museos, Patrimonio, Otros
Artziniegako Museo Etnografikoa (Araba) herritar talde baten ekimenez sortu eta garatu izan da 35 urtez. Egindako lanari esker, Euskal Herriko lanbide eta bizimoduen inguruko bilduma aberatsenetako bat jasotzea lortu du. Urte hasieratik museoa itxita dago, ordea, Udalaren eta erakusketa kudeatzen duen Artea Elkartearen arteko desadostasunen ondorioz.
Txikitik sortutako erakundea izan da Artziniegako Museo Etnografikoa. Lehen urratsak 1977. urtean eman zituzten, herriko jaien harira gazte talde batek erakusketa bat antolatu zuenean. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta hurrengo urteetan eskualdeko lanbide zaharrekin lotutako materialak biltzen hasi ziren; museo bat eratzeko ideia 1981ean sortu zen, eta 1984ko irailean zabaldu zituzten ateak, Arteko Santutegiko ukuilu izandako lokalean. 2004an, espazio-arazoak zirela eta, museoa udalak utzitako eraikin batera aldatu zen, 3.700 metro koadroko erakusketa-esparrua atonduz. Trukean, museoko sarreren bidez jasotako dirua udalari ematen diote orduz geroztik.
Egun, museoak 14.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu urtean, 1.800 biztanle dauzkan herri batean. Euskal Herriko bilduma oparoenetako bat gordetzen duen erakusketa iraunkorraz gain, jarduera desberdinak antolatzen dituzte, baita hainbat argitalpen plazaratu ere, herrian doan banatzen den Gurdia aldizkaria kasu. Denbora honetan, museoaren kudeaketa Artea Etnografia Elkarteak eraman du modu autonomoan. Zuzendaria, idazkaria eta diruzaina asanbladan hautatzen dituzte, eta hirurak boluntario aritzen dira lanean. Finantzaketa, aldiz, Artea elkarteak Arabako Foru Aldundiaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdiei esker lortu du azken urteotan. Diru horrekin, bisita gidatuen zerbitzuaren, garbiketa zerbitzuaren, eta informazio- eta kudeaketa-guneen azpikontratazioa ordaintzen dira, besteak beste.


