Laura Uruburu: "El libro conecta con las emociones de los lectores"
- Fecha11 de Febrero
- Temática Literatura
Katigatu ninduzun librea nintzena izeneko nobelea plazaratu dau Laura Uruburuk, personen arteko hartu-emonetan, emozinoetan eta bizitzeak dakarzan kontrasteetan sakontzen dauen istorio mamintsua, benetako jazoerak narratibearen alorrera eroaten dituana. Labayru Fundazinoaren Urbegi bilduman argitaratu dabe liburu barria.
Urteak behar izan ditu Uruburuk nobelea idazteko. Batetik, idazte hutsaz gan, azterlan handia egin dauelako, hizkuntzearen zein edukiaren aldetik. Bestetik, lanak, etxeko ardurek eta jazoera batzuek denporea kendu deutsielako. Edozelan be, irakurle eta idazle amorratua da Uruburu. 1986an atera eban lehenengo elebarria, Dalila, hau dau bigarrena, baina hirugarrena argitaratu orduko ez dala horrenbeste denpora pasauko ziurtatu dau.
1.- Aspalditik ibili zara nobela hau idazten, eta azkenik kalean da. Zer dala eta behar izan dozu horrenbeste denpora?
Ez dakit zenbat denpora egin dodan idazten, ze hau ez da nire bizibidea, beste arlo askotan be ibili behar izan dot, eta asti askorik ez dot izan idazteko. Niri asko gustetan jat idaztea, zaletasuna da, baina tamalez ez dot denpora larregi izan urteotan. Hezkuntza Sailean lan egiten dot, gero etxeko zereginak, ama be banaz... emakumeoi lotuta askotan erabilten da kontzilizazinoaren kontzeptua, ba nire kasuan bene-benetako errealidadea izan da, dana buztartzea ez da erraza. Astialdia erabili dot idazteko, nik neuk be lasai hartu dot, arin amaitzeko beharrizanik be ez dot izan eta. Ganera, eten luzea egin neban, trafiko istripu larri baten ondorioz urte bi egon nintzan nire gaitasun guztiak berreskuratu arte.
2.- Beste lanbide bat dozun arren, idazletzat dozu zeure burua?
Bai, neure burua beti idazle ikusi dot, hori da nire gogoko zeregina. Irakurle amorratua be banaz txikitatik. Hasieran gaztelaniaz idazten neban, eskolan be holan ikasi nebalako, gero ahalegin berezia egin neban euskeraz alfabetatzeko. Beste ardura batzuk daukadazanez, ahalegina egin behar dot idazle izateko, denpora libreetako idazlea naz.
3.- Zelakoa izan da nobelea idazteko prozesua?
Idazten hasi aurretik azterlan handia egin neban, nire ohituretako bat da oharrak hartzea, txikitatik egiten dot, nire izaerearen parte da. Orduan, idaztera jesarri aurretik, atzean dagoan lan guztia da nabarmentzekoa kasu honetan. Entzule aktiboa naz ni, jenteagaz egotea gustetan jat eta apunteak hartzen dodaz jenteari entzun ahala. Hainbat eta hainbat koaderno daukadaz, lagunen kontuakaz, emozinoakaz, istorioakaz... hori neure alde izan dot. Baina hori antolatu eta literaturara eroan behar izan dot. Nobelea bera be, istorio erreal baten oinarritzen da, nik literaturara egokitu dot, apaindu eta aberastu, baina nobelako istorio nagusia ezagutzen dodan persona baten bizitzan oinarritzen da. Liburuko beste albo-istorio batzuk be benetakoak dira, ni testigu izan naz.


