Benito Lertxundi llena dos días seguidos el auditorio del Kursaal de Donostia
- Fecha5 de Diciembre
- Temática Música
Hamar laguneko talde baten buru, bere azkeneko lanetako kantuak aletu ditu, denborarekin klasiko bilakatutakoak ahaztu gabe
Bere ibilbidea aitortzeko Adarra saria jaso eta bi urte eta erdira itzuli da Benito Lertxundi Donostiara. Arrakasta handiarekin itzuli ere, ez baitira asko Kursaaleko auditoriuma bi egunez —eta bat astelehena izanda, gainera— ia goraino betetzeko gai diren euskal musikariak. Lertxundik, baina, 3.500 lagun bildu ditu bi egun horietan, haren musika proposamenak oraindik ere jarraitzaile ugari duen seinale.
Astelehen iluntzean giro berezia suma zitekeen Kursaalean. Kubo txikian Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldia bukatu berritan, ahobizi eta belarriprest mordoxka zegoen kubo handira sartzeko prest —40 urtetik gorakoak gehientsuenak, nahiz eta auditoriumeko lehen lerroan haur txiki bat ere ibili zen batetik bestera—.
Lertxundi hamar laguneko talde handi batek lagundua agertu zen oholtzara, eta hasieratik utzi zuen agerian ez dagoela bere kontzertuak kantu ezagun eta kantagarriekin osatzeko tenorean. Ospakizun gauean diskoa kaleratu berritan, nahiago du bere azkeneko lanetan jarri begia, eta, bitxia bada ere, Oroimenaren oraina (2012) azken-aurreko diskoko hiru piezarekin abiatu zuen kontzertua. Gu bizi bezainbat, lurrin portugaldarrak zabaldu zituen Nintzenaz oroitzean eta Laket dut argitsua-k erakutsi zuten talde aparta duela Lertxundik ondoan —Juantxo Zeberio (pianoa), David Gorospe (bateria), Amaiur Cajaraville (baxua), Gurutz Bikuña (gitarra), Angel Unzu (gitarra eta bouzukia), Xabier Zeberio (biolina eta nyckleharpa), Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia), Intza Unanue (ahotsak) eta Olatz Zugasti (ahotsa, harpa eta teklatua)—, eta Udazken koloretan lehen klasikoari heldu aurretik Unzuk egindako gitarra solo ederra horren erakusle izan zen. Hitaz oroit (1996) diskoan jasotako kantu horrekin lehertu zen aurrenekoz auditoriuma.


