Fair Saturday o transformar la sociedad a través de la cultura y el arte

  • Fair Saturday o transformar la sociedad a través de la cultura y el arte

2014. urtean Bilbon sortutako egitasmoa dugu Fair Saturday. Kulturak gizartean eragiteko duen gaitasuna aldarrikatu eta balorean jarri nahi duen ekimenak muga guztiak gaindituz joan eta egun nazioarteko ospakizuna da. Euren ibilbidearen eta azaroaren 24rako prestatzen ari diren ekitaldien inguruan mintzatu gara.

 

Zer da Fair Saturday eta zer helbururekin jarri zenuten martxan?

Fair Saturday azaroaren azken larunbatean, Black Friday mugimenduaren hurrengo egunean, hiri eta herri ezberdinetan milaka artista eta kultur gune mobilizatzea helburu duen ospakizuna da. Munduan bakarra den jaialdi ireki bat.

Honez gain, parte hartzen duten artistek haien ekitaldietan proiektu sozial edo GKE bat laguntzen dute kulturak gure ingurua hobetzeko duen ahalmena nabarmentzeko. Beraz, premisa hauek betetzen dituzten artista, erakunde kultural edo proiektu sozialek parte har dezakete.


Lau urte hauetan mundu osora zabaldu duzue ekimena. Zein balorazio egiten duzue bere ibilbideaz? Horrelako oihartzunik izatea espero zenuten?

Lehen telefono deiak egiten hasi ginenean ezin genuen laugarren edizioa horrelakoa izango zela imaginatu. Gaur egun oso balorazio ona egiten dugu Fair Saturdayk izan duen hazkundeaz, urtero batzen diren pertsona zein hirien kopurua gero eta handiagoa baita. 

 

 

Azken asteotan 2018ko edizioan buru-belarri aritu gara, eta askotan guztiz bereziak diren gertakariak normaltzat hartzen ditugun arren, perspektibarekin ikusita, oso bide polita zabaltzen ari garela konturatzen gara. Egunero berri onak heltzen zaizkigu eta horrela, lanari ekiteko gogoak ezin amata daitezke.


Barne zein kanpoko sareak ehuntzen eta harremanak zaintzen kontu handia izan duzue, eta honi esker zabaldu da, neurri batean, egitasmoa. Nolakoa izan da lan hau, nola garatu duzue?

Bilbon eta Bizkaian jaiotako mugimendua da hau, eta etorkizunean ere bertan izango ditu bere bihotz eta sustraiak. Hala ere, kanpora begira jaio da Fair Saturday.

Hori dela eta, lehen momentutik aritu gara mundu osoko hiri, artista eta erakundeen ateak jotzen. Lan horrek ez du egun batetik bestera fruiturik eman, arbola bat landatu eta hazten ikustea bezalakoa da.

Egitasmoa munduko edozein lekutan martxan jartzeko erreztasuna zein inguru oso ezberdinetan duen inpaktu positiboak egin dute posible Fair Saturday mugimenduaren zabaltzea. Aurten Bilbo, Bizkaia, Santander, Malaga, Huelva, Lima, Pisa, Mesagne, Milano, Dundee, Bristol eta Eskozia dira egoitza ofizialak.


Fair Saturday plataformaren inguruan hainbat elkarte, pertsona eta artista daude. Zein da beraien ekarpena proiektuari?

Bakoitzaren ekarpena oso ezberdina da. Artistak dira Fair Saturday posible egiten dutenak, hori da ekarpenik handiena. Horregatik mugimenduan parte hartu nahi duen talde, argazkilari, dantzari, grafitero, antzoki, galeria... batek kontaktatzen gaituenean bulegoan daukagun kanpai txiki bat jotzen dugu.

Proiektu sozialek, aldiz, gure ingurua aldatzeko behar dugun inpaktu baikorra sortzen dute. Ekitaldietan haiek egiten dutena azal dezakete, haien proiektuak zabaldu eta artistek sortutako balioaren zati bat inpaktu positibo horretara bideratu. Artista eta proiektu sozialen artean sortzen den lotura guztiz librea da, guk ez diogu inori bere ekitaldian nor edo nola lagundu behar duen esaten. Horregatik sortzen dira hain sinergia estuak.

 

 

Azkenik, egoitza ofizialek haien hiri edo herrian Fair Saturday bultzatzeko konpromisoa hartzen dute, bertako pertsonek egitasmoa ezagutu dezaten eta azaroaren azken larunbatean gertatzen diren ekitaldiak erraztu eta bultzatzeko.


Azaroaren 24a egutegian gorriz markatutako data dugu, baina urte osoan zehar ere beste hainbat kultur ekimen eta egitasmo antolatzen dituzue –Cuentos contra el bulling edo Barreras invisibles proiektuak, esaterako–. Zertan dautza ekimen hauek eta nola har daiteke parte?

Barreras Invisibles Fair Saturday Fundazioak bultzatutako ekimena da. 2016. urtean abiatu genuen baztertze arriskuan dauden ume eta gazteen ikasketa kulturalak ahalbidetzeko programa hau, eta ordutik 30 ume eta gaztek haien musika, dantza edo literatura ikasketak hasi ahal izan dituzte. Programa honen helburua zazpi pertsonen artean ume baten ikasketak ahalbidetzea da helburua, umearen ikasketa prozesuan pertsona hauek ere sartuz.

Bullying-aren Kontrako Ipuinak aurten izan du bere lehen edizioa. Hainbat ikastetxetan zabaldu den ipuin lehiaketa da, eta bertan 8 eta 23 urte bitarteko gazteek gure inguruan sufri dezakegun gai bati buruz aritzen dira. Lehen edizio honetan 500 gazte baino gehiagok hartu zuten parte, eta laster zabalduko da bigarren deialdia: Matxismoaren Kontrako Ipuinak.

 

 

Fair Saturday 2018 Bilbon abiatuko da emanaldi berezi batekin, non 1000 artista baino gehiago arituko diren, Benito Lertxundiren parte-hartzearekin. Zer topatuko dute azaroaren 23an Miribillara gerturatzen direnek?

Behar bada ez dute orain arte imajinatu duten kontzertua topatuko. Aurtengo apustua musikatik haratago joatea da, eta horretarako bideo-efektuak zein sorpresa bereziak egongo dira. Publikoari kanta dezala ere eskatuko diogu. Bilbao Arena osoak dar-dar egingo du azaroaren 23an. Gainera, entzungo diren 1.000 ahots hauek gure bizitzako kantak eskainiko dizkigute, mundu osoko beste hit askoren artean.

Gure ustez hunkigarria izango litzateke hitzik aproposena guzti hau definitzeko.


Ehun ekimen baino gehiago espero dituzue Fair Saturday “aterkiaren” barruan. Bada nabarmenduko zenuketen bat, ilusio berezia egin dizuen hori?

Ezingo genuke ekitaldi bakar bat nabarmendu… baina atzera begiratzen badugu, 2014. urtean Fair Saturday ideia zoroa baino ez zenean, azaroaren azken larunbatean lehen aldiz parte hartu zuten 24 talde eta artistak datozkigu gogora. Haiek erein zuten gaurko Fair Saturdayaren hazia.


Fair Saturday ekimena nola hasi den izan dugu hizpide. Mugarik al du progresio honek? Bada dimentsioak berak ekimenaren helburuetan eragina izateko arriskurik?

Gure aldetik Fair Saturdayk ez du inoiz mugarik izango bere filosofia mantentzen duen bitartean.

Mugimendu ireki honetan parte hartzen dutenek badakite kulturaren alde eta aldaketa sozialaren alde egiten dugula denon artean. Hori galtzen ez bada hemen jarraituko dugu, helburu berdinarekin eta gogo gehiagorekin.

 

(Este Especial se pubicó el 5 de noviembre de 2018).