Asier Amezaga ha escrito el ensayo 'Inor ez delako profeta bere mendean' basándose en su tesis doctoral

  • Asier Amezaga ha escrito el ensayo 'Inor ez delako profeta bere mendean' basándose en su tesis doctoral
Berria

  • Fecha24 de Octubre
  • Temática Literatura

Bere doktore tesia oinarri, 'Inor ez delako profeta bere mendean' saiakera idatzi du Asier Amezagak. Idazlearen oihartzunak gaur egungo gizartean kokatzeko «jolasa» egin du egileak liburuan
 
Harritik herrira, Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014 tesiaren egilea da Asier Amezaga (Getxo, Bizkaia, 1986) soziologiako doktorea. Ikerketa hartan oinarrituta, saiakera liburu bat ondu du, Inor ez delako profeta bere mendean, Bilboko Udalak banatzen duen XVIII. Miguel de Unamuno saria irabazi zuena iaz, eta orain Erein argitaletxeak plazaratu duena. Lan berrian «ariketa bat» egin duela azaldu du, «jolas» ere deitu duena. Adierazi du ikerketan Arestiren eta bere poemen bila jardun zuela eta, hari horri jarraituz, liburuan zenbait gai landu dituela, gaur egungo euskal gizartearen ikuspegi bat emateko. «Hasieran, asmoa zen Arestiren eragina aztertzea, baina, apurka-apurka, ikerketa prozesuan, Arestiren eragina baino gehiago, Aresti nola den egina aztertu dut. Poemen eta poetaren figuraren errepikak aztertu ditut». Aresti eta bere poetika gaur egun nola azaleratzen diren, beste era batera esanda. «Inor ez da profeta bere mendean Arestiren poema labur eta sintetiko bat da, eta bere ahots profetiko hori gurera ekarri nahi izan dut; ahots horri gorputza eman nahi izan diot, nolabait, eta gorputza eman diot bere izena eta poemak errepikatu, aipatu, erabili, azaleratu diren une eta gune ezberdinen bidez».

Liburuko atalak segidan irakurtzea gomendatzen badu ere, banaka, solte ere har daitezkeela azaldu du Amezagak, bakoitzean une eta gune ezberdinak lantzen baititu. «Dela Nire aitaren etxea poema, dela Euskal Harria, euskara bera, Arantzazu, Bilbo... Halako gaiak jorratzen ditu liburuak. Azken batean, asmoa da aztertzea zelan egiten dugun poesia hezur-haragizko». Azken urteotan idazleari egin zaizkion omenaldiak izan daitezke azaleratze une edo gune horietako batzuk. «Alde horretatik, nik poemak nola gorpuzten diren aztertu nahi nuen, nola biziarazten den Aresti; azken batean, horrelako omenaldietan, poemen errepiketan, kantaldietan... biziarazten dugun poeta delako».

Egilearen ustez, «Aresti madarikatua, Aresti espainolista, Aresti komunista... euskal kulturako totem» bihurtu da, eta totem gisa ere aztertu du liburuan, «literaturarekin osatzen dugun harremana liburuez harago doalako, badagoelako nolabaiteko harreman magiko bat, ia xamanikoa, zeinetan omenaldiak eskaintzen zaizkion une horietan nolabaiteko erritual batzuk jarraitzen diren. Bilboko Udalaren sariak dira horren lekuko: Unamuno, Blas de Otero eta Aresti sariak».

Leer información completa en el sitio web de la fuente