Ramon Agirre: «Nunca he tenido una crisis de dejar el trabajo de actor»
- Fecha25 de Septiembre
- Temática Audiovisual
Euskal zinema garaikidearen historia hasi eta buka ezagutu eta bizi izan du, aktore moduan ezagutu eta bizi ere; garai oparoa bizi du euskal zinemak, eta halatsu Ramon Agirrek ere. Zinemira saria jasoko du gaur, Donostian
Euskal Zinemaren Gala egingo dute gaur Viktoria Eugenia antzokian (21:15). Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria emango diote Ramon Agirre aktoreari (Donostia, 1954). 1986an Zinemaldian izan zen, Montxo Armendarizen 27 ordu lanarekin; lan hark Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Orduz geroztik, bertatik bertara ezagutu du euskal zinemaren bilakaera.
Oier Aranzabal Margolaria filmaren egileak aipatzen du ia sortzaile guztiek izan duzuela bazkari gatazkatsu samar bat familiakoei esateko artista izan nahi duzuela... Zeuk arkitektura ikasi zenuen. Gogoratzen duzu garai konfliktibo hori?
Ez zen izan egun batetik besterako erabakia. Nik txikitatik banuen aktoretzarako zaletasuna. Zazpi anai-arreba ginen, eta ama oso antzerkizalea zen. Ni hirugarrena naiz, eta eramaten ninduen berekin antzerkira eta zinemara, batez ere udatan, aita ez baitzen oso zalea. Komedia espainiarrak izaten ziren gehienetan. Bera bakarrik ez joatearren, ni eramaten ninduen, jada zalea bainintzen. Zaletasuna hor zegoen; beste kontu bat da aktore izatearena. Gaztetan, eten batzuk izan nituen: soldaduska, batetik. Parisera ere joan nintzen bolada batez, eta hasi nintzen pantomima egiten. Hor hasi nintzen ikusten niretzat egon zitekeela arkitektura ez zen beste bide bat...
Hortaz, etxean ez zenuen izan erresistentzia handirik?
Ez, ez bainuen nik ere oso argi. Ez nuen sekula esan «arkitektura utzi nahi dut aktore izateko». Ez dago egun zehatzik; pixkanaka-pixkanaka joan ginen bidea eginez.
Zeure buruari askotan berritu behar izan diozu gerora erabaki hori?
Inkontziente samarra izan naiz hasi nintzenez geroztik. Banuen adina bizibidea nonbaitetik ateratzeko, eta, ez dakit nola, baina ateratzen genuen, moldatzen ginen. Antzerkia egiten genuen, eta ez dakit zer irabaziko genuen, eta ez dakit nola iristen ginen hilabete amaierara, baina nik ez dut izan aktore lana uzteko krisialdirik. Zetorrena zetorrela konformatu izan naiz, eta aurrera.
Zinemira saria emango dizute. Sari handiena, ordea, ez al da azken bolada luzetxoan daramazun lan erritmoa?
Bai, dudarik gabe. Ni saritua sentitzen naiz aspaldi. Aktore bat ez da ezer zuzendari batek esaten ez badio «rol hau zuk egitea nahi dut». Azken urteetan, bereziki, oso rol politak eskaini dizkidate, eta ni saiatu naiz aprobetxatzen. Eskaintzen didaten rol bakoitza saria balitz bezala sentitzen dut. Ni bezalako asko daude, eta deitzen didatenean harritu egiten naiz, baina gero pentsatzen dut, «tira aurrera».


