Telmo Esnal: «Las localizaciones ayudan en la narración, pero una vez que se empieza a bailar se olvidan»
- Fecha24 de Septiembre
- Temática Artes escénicas
'Agur Etxebeste'ren filmaketatik denbora atera beharrean dago Telmo Esnal (Zarautz, 1966) Zinemaldira gerturatzeko. Urte berezia du aurten; 'Dantza' filma Sail Ofizialean estreinatuko da gaur, lehiaz kanpo. Eta ez da erraza izan horraino iristea
Esan izaten da bizitzak buelta asko ematen dituela, zinema ere halakoxea dela dirudi. Iaz Glocal in Progress sailean izan zineten, denbora daramazue filma amaitu nahi eta ezinik, eta azkenean Sail Ofizial bete-betean dago 'Dantza'.
Nahiko larri geunden eta bultzada ikaragarria izan zen Glocal in Progress saria eskuratzea. Iaz aurkeztu ginen film honekin, grabazio batzuk faltan genituela, eta postprodukzio asko falta zen. Digitalak sartzen hasiak geunden dagoeneko, baina irudi tratamentua, soinu tratamentua, eta abar falta ziren. Bultzada oso handia izan zen filmarentzat eta gauzatu ahal izan dugu azkenean.
Sarrera guztiak agortu dira Zinemaldian. Ze sentipenekin zatoz jaialdira?
Sekulako sentsazioa dugu. Halako film berezi batekin halako ikusmina egotea oso gauza polita da.
Filma partikularki oso ausarta iruditu zait. Dantza da protagonista nagusia, ez dago apenas elkarrizketarik. Esentzia osoa hartzen saiatzen da.
Hori zen asmoa. Dantzaren bitartez historia bat kontatu nahi izatea. Dantza izatea protagonista bakarra. Pertsonaia batzuk ere badaude, baina puntualki, protagonista bakar bat egon gabe. Apustua hori zen. Juan Antonio Urbeltzek dio kolektibitatea dela euskaldunon ezaugarrietako bat eta horregatik ez dago protagonista zehatzik. Azkenean zen dantzan dauden hainbat sinbologia erabiliz historia xume bat kontatzea. Eta badirudi ikusi dutenek ulertu dutela historia. Mundu guztia harritzen da elkarrizketarik ez duelako. Baina ahaztu egiten zaigu zinea hala hasi zela, hitzik gabe. Oso konplikatua izan da proiektua aurrera ateratzea baina ikustea jendeak ulertzen duela historia eta gustora ateratzen dela zinematik, oso pozgarria da eta poztu egiten nau.
Historia hori ulertzen eta kontatzen estetikak asko kontatzen du. Koldobika Jauregik egindako diseinuak daude hor.
Hori zen beste gauza bat. Ez da berdina pelikula bat kontatzea ohiko dantza estetika baten barruan edo beste era batera ematea. Aurrekoan esan zidan norbaitek egin dugula dantza tradizionalarekin pelikularik kontenporaneoena. Eta egia da, badauka hori. Hartu dugu euskal dantza tradizionala eta eman diogu buelta bat. Koldobika saiatu da jantziak, lokalizazioak eta atrezzo guztiak egotea narrazioaren menpe. Laguntzea hobeto ulertzen historia hori. Badauka magia hori.


