Maite Mutuberria: «Ha sido una forma de poner nombre a lo que llevaba dentro, un modo de entender esa enorme suciedad»
- Fecha2 de Mayo
- Temática Artes visuales, Literatura
Batez ere, haur literaturako ipuinak ilustratzen aritzen da Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985), baita helduentzako albumei irudiak jartzen ere. Oraingoan, marrazkilaria bere buruaz ari da «Lohia» lan berrian, prozesu pertsonal baten ondorio izan diren bozetoak liburu bihurtuta. Arkatzez egindako irudi azkarrekin irakurlea eskutik hartzen du Mutuberriak, gaineko lohia kentzeko prozesua erakutsiz.
Maite, kontadazu krisi baten koadernoa nola eraman duzun marrazkietara.
Liburuaren abiapuntua bolada ilun batean dago, edonork bizi dezakeen bolada ilun batean. Orduan, ezinean edo oharkabean koadernoetan marrazten hasi nintzen, helbururik gabe, ulergaitzak zirenak nonbaiten botatzeko. Orain dela urtebete koaderno intimo horietan zegoen horri liburu forma eman ahal niola ikusi eta inkontzienteki sortutakoa proiektu bilakatu zen. Nire barrutik eta egunerokotasunetik abiatu eta nirea bakarrik ez zen istorio berri bat kontatu nahi nuen.
Laguntzarako marrazketa dela esan daiteke?
Bueno, nolabait hasierako momentu hartan koadernoetan marrazteak lagundu zidan neure buruarekin hitz egiteko modua aurkitzen. Hala ere, honekin ez dut esan nahi ihesbide horrek gainean neraman “lohia” guztiz garbitzen lagundu zidanik, harekin bakeak egiten baizik. Liburua ere horrela irakurtzea gustatuko litzaidake.
Zure koadernoetara iraulitako horri guztiari zentzua eman nahi izan diozula diozu. Nolakoa izan da prozesu hori?
Prozesuaren bigarren aldian, nire marrazki guztiak batu eta ordena bat, narratiba bat, ematen saiatu naiz. Liburuan zirriborroak, argi-ilunak, zikinguneak, aipuak eta ohar txikiak daude, bata bestearen atzetik ikusita elkarrekin lotzen direnak. Agian, sorkuntzari dagokionez hau izan da erronkarik handiena, irakurlea eskutik hartu eta bide osoan laguntzea, orriz orri ikusitakoa istorio moduan irakurtzeko.
Eta pertsonalki, liburua amaitzean ikusi nuen lan hau niretzat barruan neramanari izena jartzeko modua izan dela, lohi handi hori ulertzeko modua.


