Argitxu Noblia, una dinamizadora cultural con mucho que decir
- Fecha13 de Marzo
- Temática Artes escénicas, Música, Audiovisual, Literatura
Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren inguruan sortu diren ekimen gehienetan parte hartu duen emakumea da Jakin aldizkariaren 224. zenbakiko protagonista.
Asko hitz egin da azken asteotan emakumeek egindako lanari ikusgarritasun handiagoa ematearen beharraz. Jakin aldizkariaren 224. zenbakiak horixe egin du: Argitxu Noblia Richard bilakatu du protagonista, eta azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren inguruan sortu diren ekimen gehienetan parte hartu duen emakumearen bizipen, oroitzapen eta iritziei eman die toki nagusia.
Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak egindako elkarrizketa luze eta sakon baten bidez datozkigu Argitxu Noblia (Angelu, 1942) kultur eta politika eragilea eta, haren hitzen bidez, hurbileko historiaren, historia biziaren, zenbait pasarte esanguratsu, ez denak gozoak. "Euskal Herriko historiaren ezinbesteko osagarri" da, hain zuzen, Argitxu Noblia Richard. Aldizkariko zuzendari Lorea Agirreren hitzetan, "memoria ariketa bat da honakoa, memoria galzorian ez uztekoa eta protagonisten ahotik zuzenean paperean idatzita uztekoa".
Familia tradizioari jarraiki, sendagile ikasketak egin zituen Bordelen Argitxu Nobliak, eta, bertan zela, Embata euskal ikasle mugimenduarekin bat egin zuen 1960ean. Embata aldizkaria sortu zuten, baina, desadostasunak tarteko, 'Enbata' izeneko beste bat jaio zen urtebete beranduago. Euskal Gazte Ikasleen Alkartasunaren 'Egia' aldizkaria ere bultzatu zuen Nobliak.


