"Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara". El vasco de Dublín que ama lo imposible
- Fecha8 de Marzo
- Temática Artes escénicas
Txalo-zaparrada eskaini diete ikusleek Txomin Heguy aktoreari, Xabi Zeberio eta Mixel Ducau musikariei eta Alaia Phillips Ducau kantariari Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara ikuskizunaren amaieran. Horrela eman diote ofizialki hasiera laugarren Loraldia jaialdiari.
Ezina egin du Loraldiak, Arriagara bertaratu diren ikusleek tarte txiki batez eternitatea posible dela imajinatu baitute, eta tarte horretan Anton Abbadia eta Aitor Mazo antzokian bertan sentitu dituzte. XIX. mende amaieran hil zen geografo, astronomo eta kulturgilea. 2015ean aktore bilbotarra, Abbadia lehen Loraldian gorpuztu eta gutxira. Bere azken lana izan zen. Gaur, Txomin Heguy aktoreak gorpuztu du Abbadia, erretreta hartu aurretik bere azken lanean. Bikain. Ezin hobeto lagundu diote Xabi Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducauk Abbadiak munduan zehar eginiko bidaiak irudikatzen. Irlanda, Brasil, Etiopia edota Euskal Herriko bizipenak girotzen.
"Ezinean sinesten duzue?" galdetuz eman dio hasiera Heguyk Patxo Telleriak idatzitako bakarrizketari. Laugarren Loraldiarako moldatutako testuari. Ezinaren jarraitzaile sutsu eta maitale gisa agertu da Abbadia Heguyren ahotsean, berea, Anton Abbadirena, ezinezko istorio bat baita. XIX. mende hasieran Dublinen jaio zen euskaldunarena. Ezinezko gertaera hori ere. Ama irlandarra eta aita zuberotarra izan zituen, eta aitak inudea eramanarazi zuen Zuberoatik Dublinera semeak bere bularretatik euskararen esne goxoa edan zezan. Esnea edalontzitik lastotxoarekin edanez irudikatu du une komikoa. "Psikoanalista batek zenbat gozatuko luke nire euskararekiko grina aztertzen" bota du jarraian, eta publikoak barre.


