Mursego y Amorante. Vampiros y amantes comparten especie
- Fecha8 de Marzo
- Temática Música
Mursego eta Amorante elkarrekin arituko dira bihar Bilboko Itsasadar Itsas Museoan, Loraldia jaialdian, Badok atariak lagunduta.
Musikalki espeziekideak dira saguzarrak eta maitaleak. Espeziekide, Maite Arroitajauregi eta Iban Urizar. Espeziekide Mursego eta Amorante. Urizarrek azaldu du zergatik: «Lagunak gara aspalditik, biok gara prestakuntza klasikoko musikariak, eta ez dut esango gure formakuntza hater-ak garenik, baina bai nahiko ikasle diskoloak bihurtu garela bakoitza bere tresnarekin». Bakarka aritzen dira bi musikariak normalean beren proiektuetan, baina partekatzen dituzte zaletasun musikalak, eta partekatzen dute zuzenean aritzeko jarrera ere, eta orain agertokia ere partekatuko dute Loraldia jaialdiak eta Badok euskal musikaren atariak sustatuta. Bilboko Itsasadarra itsas museoan arituko dira elkarrekin, 20:00etatik aurrera.
Berez bezala heldu da kontzertua, Arroitajauregiren hitzetan. «Hogei urte baino gehiago badira elkar ezagutzen dugula, jo izan dugu elkarrekin kontzertu esperimentaletan eta inprobisazio saioetan, Artelekuko tailerretan ere egon gara elkarrekin, eta, geroztik, nik beti segitu dut bere lana, eta berak ere bai nirea. Horregatik, oso naturala izan da dena». Eta baietz Urizarrek ere. «Logikoa izan da, erraza eta sinplea», esan du berak, eta datua ere eman du. «Amorante izenarekin eskaini nuen lehen kontzertua ere berarekin eman nuen».
Bestela ere egina dute kontzerturen bat edo beste elkarrekin, baina sekula ez oraingoaren modukorik. Iaz, adibidez, Iruñean egon ziren elkarrekin Garaikideak programaren barruan, baina orduan abesti batzuk bakarrik jo zituzten batera bi musikariek, eta oraingoan elkarrekin arituko dira hasieratik bukaerara. Biak batera, bien errepertorioko kantak eskaintzen, eta, tarteka, elkarrekin inprobisatzen ere bai.


