El Museo de Bellas Artes de Bilbao abre una amplia exposición sobre Goya
- Fecha13 de Febrero
- Temática Artes visuales, Museos
Margolariak Madrilgo gortean emandako sasoia biltzen dute artelanek, eta artistak egindako hainbat euskal herritarren erretratuak ere bildu dituzte
"Gutxi dira artearen historian Goyaren mailan daudenak. Rafael, Michelangelo, Tiziano, Rembrandt, Rubens, Velazquez, Goya. Besteren bat ere bai agian, baina ez dakit". Lehen lerrokoen arteko lehenetarikoen artean kokatu du Francisco Goya artista Manuela B. Mena arte aditu eta Prado museoko XVIII. Mendeko Pintura eta Goya Ataleko Kontserbazio buruak. Lehen lerrokotzat aurkeztu du horregatik ere Bilboko Arte Ederren Museoak artistari eskainitako erakusketa ere. Gudrun Maurer kontserbatzailearekin batera antolatu du erakusketa Menak, eta Madrilgo Prado museoko funtsak izan ditu horretarako oinarri nagusia. Guztira, 96 pieza bildu dituzte, eta Goyak Karlos III.aren eta Karlos IV.aren gorteetan emandako sasoia laburbiltzen du. Orain, Bilbon ikusi ahalko dira guztiak maiatzaren 28ra arte, Goya eta gorde ilustratua erakusketan.
Margolanez gainera, Goyak Martin Zapater lagunari idatzitako hamahiru eskutitzek osatzen dute erakusketaren bizkarrezurra. Aurrez publikoan sekula erakutsi gabeak ziren dokumentu horiek, eta artistaren eskuizkribuak irakur daitezke bertan, gortean gora egiten joan ahala bizi izandako nekeak eta pozak. "Goyarik gertukoena eta intimoena ikusten da hor", zehaztu du Menak. "Bere nortasunaren berri ematen dute eskutitz horiek, eta baita gortean nagusi zen lehia giroarena ere".


