Beatriz Chivite: "Como ya he dicho en muchas ocasiones, las ciudades son mis musas"
- Fecha1 de Febrero
- Temática Literatura
Londresen, Pekinen, Hong Kongen, Mariborren, Venezian... Beatriz Chivitek atzerrian egin ditu azken hamar urteak. Biennale (Erein, 2017) liburuko poema gehienak, bistakoa denez, gondolen hirian idatzi zituen. "Hirietan ondo sentitzen naiz, nahi dudan moduan nahi dudana begiratzeko askatasuna ematen didatelako". Iruñeko idazle gaztea Jakartan ari da orain lanean eta handik egin dizkigu adierazpenok.
Azken urteak atzerrian eman dituzu. Jakartan zaude orain, kultura arloko egitasmo batean lanean. Zertan, zehazki? Sorkuntzarekin lotuta dago akaso?
Bai, azken hamar urte hauek munduan zehar egin ditut, oso gaztea nintzela joan nintzen etxetik, eta nire aberria ‘distantzian’ bakarrik existitzen da. Orain Jakartan nago, enbaxadako kultura, hezkuntza eta turismo ekitaldiak prestatzen: piano kontzertuak, argazki erakusketak, eskoletan arte tailerrak, poesia irakurketak... Denetarik! Lan polita da, baina oso instituzionalizatua. Hiria ez zait bereziki poetikoa iruditzen, baina hori ona da beste modu bateko olerkiak idazteko, mundua beste modu batean ikusteko.
Veneziako arte jaialdian lanean aritu zinen garaian idatzi zenuen Biennale (Erein, 2017) poemarioa. Bi urte, bien, bi, ale... Hitz jokorik bada poema hauetan eta izenburuak ere badu kutsu hori, ezta?
Hori da! 2014 eta 2015eko olerkiak dira Biennalen agertzen direnak, “bi urte” edo “bi (en) ale” izenak hortaz hitz egiten du, 2014ko olerkiak ale batekoak baitziren eta 2015ekoak beste batekoak. Gainera Veneziako arte jaialdian (Biennale di Venezia) lan egiten ari nintzen bitartean idatzi nituen gehienak, beraz horren erreferentzia ere badauka.
Izenburutik hasita, Veneziaren arrasto ugari topatu ditugu poema hauetan. Zinemak hiriaren irudi idiliko bat transmititu izan du. Turistentzat, hiriak idilikotasun hori mantentzen du oraindik. Hala ere, zure poemetako Veneziak gutxi du idilikotik, ezta? Zelofan papera kendu izan bazenio bezala.
Venezia hiri idilikoa da, ezin da besterik esan. Baina hiri guztiekin gertatzen den bezala, ondo ezagutzen duzunean konturatzen zara izkina ilunak, momentu bakartiak, zikintasuna eta dena suntsitzen ari den masako turismoa ere badaukala.


