El grupo de música Skasti publica el disco "Ye"
- Fecha23 de Enero
- Temática Música
Musika propioaren aldeko aldarri oihua da taldearen laugarren lana. Ska musikatik aldenduta, funkia, rock alternatiboa eta india dira nagusi 13 kantuz osatutako diskoan
Aurreiritzirik gabe sortu du Skastik Ye diskoa. "Ez genuen etiketa finkorik nahi", azaldu du Mattin Saldias taldeko gitarristak. Izan ere, duela hamar urte taldea sortu zenetik, bilakaera handia izan dute kideek, eta erreferentziazko musika aldatzen joan den heinean, beraiek ere estilo propioa findu dute. Horregatik, musika dantzagarria sumatu badaiteke ere, ska erritmoak albo batera utzi eta bestelako estiloetan barrena murgildu dira azken lana osatzeko.
13 abestiz osatutako lan berria Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioan grabatu dute Eñaut Gaztañagarekin batera. "21 proiekturekin joan ginen grabaketara, horietatik 19 lan bukatu genituen eta 15 grabatu. 13 kantu dira diskoan jaso ditugunak" azaldu du Saldiasek. Musika estiloaz gain, landutako gaietan ere egin dute aldaketa. "Lehenago gai sozialei heltzen genien, kanpoko kontuez hitz egiten genuen", adierazi du Iker Iñigo abeslariak. "Lan berrian, ordea, geure-geureak diren kontuez ari gara: harreman toxikoez, nomofobiaz...".


