Los que son y no son de Lete
- Fecha15 de Enero
- Temática Música, Literatura
1992an argitaratutako liburuetan, Xabier Letek Rainer Maria Rilke eta Carles Riba idazleen hainbat poema plagiatu zituen. Literatur zirkulu batzuetan jakina zen kontua, baina Koldo Izagirrek jendaurrean plazaratu du orain, idazleari buruzko antologian; berriak hautsak harrotu ditu, Lete hil zela zazpi urte bete diren honetan
Xabier Letek plagiatu egin zuen. Propioak balira bezala argitaratu zituen Rainer Maria Rilke eta Carles Riba poeten 15 poematik gora, Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese-Beitia lehiaketan saritutako Zentzu antzaldatuen poemategia-n. Gero, Erein argitaletxeak kaleratutako Biziaren ikurrak liburuan sartu zituen plagiatutako poema haietako gehienak. 1992an izan zen hori. Zurrumurruak urteak zeramatzan literatur munduko zirkuluetan, eta izan dira horren zeharkako aipamenak ere fikzioan, baina Koldo Izagirre idazleak egin du orain plagioaren lehen aipamen publiko zehatza, Leteri eskainitako Elurra ikusi dut antologiako hitzostean. Hitzez hitz: «Idatzi gabeko eta sinatu gabeko hitzarmen nazional bezalako bat egon da guztion artean gure lankideak egindakoa sobera ozen ez aipatzeko. Eta isiltasun horrek, Lete babestu ordez, maiseoa eta marmarra indartu du. Gure kultura simulakro hutsa dela diotenei eskandalu bat muntatzeko aitzakia emateko arriskuaz ere mintzatu izan ginen, baldin eta guk geuk salatzen ez bagenuen». Hautsak harrotu ditu gaiak orain.
Esamesak amai zitezen nahi zuen Izagirrek. Azaldu duenez, horregatik onartu zuen antologia egiteko enkargua, eta horregatik erabaki zuen plagioena aipatzea ere. «Leteren inguruan zurrumurrua eta zikina besterik ez zegoen, eta neure buruari egiten nion galdera zen ea nola salbatu nezakeen nik Lete, edo duindu, gorpua pixka bat txukundu, dolu literarioa egin, eta behingoz moztu kontu hori». Horregatik egin du publiko.


