Ilustratzaileen Txokoa: Es el turno de la ilustradora Lorena Martínez

  • Ilustratzaileen Txokoa: Es el turno de la ilustradora Lorena Martínez

  • Fecha21 de Diciembre
  • Temática Literatura

Egunotan Ilustratzaileen Txokora hurbiltzen bazarete, Lorena Martinezen lanak topatuko dituzue. "Zalantzak izan nituen, baina azkenean ilustrazio berrienak hautatu ditut", halaxe aitortu digu artista irundarrak

Erakusketa bat zabaldu berri duzu Donostiako Aiete Kultur Etxean. Atzera begira modukoa da ala azken boladan egindako lanak ipini dituzu ikusgai? Alegia, zer topatuko du erakusketara hurbiltzen den bisitariak?

Lorena Martinez. Zalantzak izan nituen, baina azkenean ilustrazio berrienak hautatu ditut. Nire azken lanak dira, pertsonalagoak. Une honetan hobeto konektatzen dut ilustrazio hauekin.

Bisitariak gauza asko topatuko ditu: bozeto-koadernoak, collage originalak, erreprodukzioak, liburuak, oihal euskarrira egokitutako ilustrazioak…

Tematika ezberdinaren arabera antolatu dut erakusketa:

Liburuen sailean, lan hauek batu ditut: Tanta baten istorioa (Juan Kruz Igerabide), Zer demontre dagoen aulkien azpian? (Harkaitz Cano), Maite dut eta Zortzi Kolore (ilustrazio eta idatzi propioekin). Botanika sailean, collage modukoak eta lore-bozetoak. Emakume sailean, azkenaldian emakumezko batzuen inguruan landu ditudan erreprodukzioak. Emakume-emozioez hausnartzeko baliatzen ditut lan hauek. Eta sail kontzeptualean, bineta txikiak batu ditut, non ideiak moldatzen ditudan oso modu sintetikoan.

Aurretik, ibilbide luzeko artistak egon dira Ilustratzaileen Txokoan. Zer suposatu du zuretzat horrelako txoko batean erakutsi ahal izateak?

Lorena Martinez. 2000. urtetik daramat ilustrazioak egiten eta 20 liburu baino gehiago plazaratu ditut. Horretaz aparte, baditut prentsarako eta publizitaterako lan ugari eginak. Ibilbide honen erdian ama izan nintzen eta nire lan-erritmoa gutxitu egin zen, baina azkenaldian berriro ekin diot.

Aieteko Kultur Etxean oso ondo hartu naute, mundu hau maite duen jendea dago bertan. Detaileak zaintzen dituzte eta horrela gustura aritzen da bat. Gainera, toki hau oso berezia da niretzat, txikitatik maiz etorri naizelako parke honetara.

Denonartean argitaletxearekin Zortzi kolore liburua plazaratu duzu aurten. Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean? Zerbait aurreratzetik bai?

Lorena Martinez. Gaur egun, ilustrazioa eta botanika lotzen dituen liburu batean ari naiz lanean. Eta lehen aipatu dudan bezala, emakume-emozioaren inguruko lan bat osatzen ari naiz.

Azkenaldian, jende anonimoaren lan pertsonalizatuak iritsi zaizkit. Hau berria da niretzat eta oso atsegina.

Leer información completa en el sitio web de la fuente