"Arrutien banda". Un relato breve y de ritmo rápido
- Fecha23 de Noviembre
- Temática Literatura
Toure pertsonaiaren eleberri saila «oraingoz» baztertu, eta 'Arrutiren banda' nobela beltza argitaratu du Jon Arretxek.
Toure ikertzailearen sailari eskainitako bost nobelaren ostean —19 kamera, 612 euro, Hutsaren itzalak, Estolda jolasak eta Sator lokatzak—, Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963), Bilboko San Frantzisko auzoan girotutako istorioak utzi, eta bestelako eleberri bat kaleratu berri du: Arrutiren banda (Erein). Bestelakoa, pertsonaiak aldatu direlako, eta beste giro batean kokatutako istorioa duelako kontagai, baina ez, aldiz, literatur generoz aldatu duelako. Eleberri beltza baita Arretxeren azkena ere, Toureren sailekoak ziren bezala.
«Erritmo bizikoa, laburra eta irakurlea harrituko duena izatea». Helburu horiek jarri zizkion Arretxek bere buruari liburua idaztean, eta horren emaitza da Arrutiren banda. «Eta umore beltz eta absurdoa ere badu. Toureren nobeletan bazegoen umore pixka bat, baina bizimodu gordina zen harena. Hemen, berriz, umorea sartu nahi nuen». Nobelak hari bakarrari jarraitzen dio bere 157 orrialdeetan, eta egileak uko egin dio «istorio paraleloak» sartzeari. Eleberri beltzen irakurlea den heinean, Arretxek berak eskertzen du istorioak luzeegiak ez izatea: «Gauza asko argitaratzen da, eta ezinezkoa da dena irakurtzea. Baina nobela potolo asko dago, eta ia beti izaten dut zerbait sobera duten sentsazioa». Horregatik jo du berak ere laburrera. «Idazle moduan ere, hori egin nahi dut». Alegia, trama edo hari nagusi bakar baten gainean eraiki du eleberria.


