Emilio Latorre publica la tesis escrita por su abuela Elena Tuduri en 1920 «El traje y otros asuntos de Etnografía Vasca»
- Fecha31 de Octubre
- Temática Patrimonio
Duela ia ehun urte idatzi zuen Elena Tuduri tolosarrak «El traje y otros asuntos de Etnografía Vasca (1920)» karrera amaierako ikerketa. Bere bilobak berreskuratu egin du eta liburu forman argitaratu, amonari zegokion omenaldia eginez. Edukiagatik, gutxi dira garai hura hain modu aberatsean dokumentatu duten lanak
Elena Tuduri Sanchez (1893-1979) tolosarrak ez zuen XX. mendearen hastapenetan emakumeari eman zitzaion lekuarekin bat egiten. Jaioterria utzi eta irakasle izateko ikasketak egin zituen Madrilen. Are gehiago, han ez zuen moja etxe batean hartu ostatu; beste anaia batzuekin batera etxe bat partekatu zuen, 1914an. Lehen titulua lortuta, goi mailako formakuntzarekin jarraitu zuen, eta gaur egun Pedagogia dena amaitu zuen jarraian. Guztira, sei urte eman zituen hiri hartan.
Goi mailako Irakasle eskolan ari zela egin zuen, karrera amaierako lan gisa, “El traje y otros asuntos de Etnografía Vasca (1920)” ikerketa. Ia ehun urtez etxeko apalategi batean lozorroan egon ondoren, bere biloba Emilio Latorrek argitaratu du, liburu forma emanez.
Kanpoan ikasi ahal izatearen meritua Elenaren gurasoena dela ohartarazi nahi du Latorrek, izan ere, ez zuten seme-alaben artean ezberdintasunik egin. Ikasi nahi izan zuenak egiteko aukera izan zuen. Diru sarrerak aitak ireki zuen Arzabalza paper-fabrikatik zetozen, herrian zabaldu zen azkenetakoa. Orduan mordoxka bat baziren Tolosan. «Ez zegoen edozeinen esku ikastea, ekonomikoki gaitasuna eskatzen zuelako, baina Tolosan baziren beste enpresari batzuk ere eta semeei bakarrik eman zieten aukera… Hori behintzat momentuz ez dit inork ukatu», dio.


