Juantxo Arakama: «El rock-and-roll no es ya el estilo que se escucha en el mundo, ha dejado de ser referente»
- Fecha26 de Octubre
- Temática Música
Bonberenearen inguruan sortu eta hazitako taldeak Kalima disko bikoitza aurkeztu berri du, orain arteko lan borobil, ilun eta osatuena. Era berean, munduaren ikuskera ilundu zaio taldeari eta askoz hitz oldarkorragoak idatzi dituzte. Hazi egin da taldea zentzu guztietan eta, rock talde baten gisa funtzionatu eta konposatzen jarraitzen badute ere, are eta estilo fusio handiagoa du lan honek. Teklatuak areagotu dira, melodiak presente daude, baina oskola geruza sendoagoak ditu, aberatsagoak, eta kanta bakoitzak izaera nabarmenagoa hartu du. Kantek bezalaxe, taldeak bere bidea egiten jarraitzen du. Juantxo Arakama abeslariarekin hizketaldia izan dugu.
Salgai jarri aurretik diskoa sarean doan deskargatzeko moduan jarri zenuten…
Jarri genuen deskarga librean salgai jarri zen une berean. Jendea harritu da, baina guretzat koherentea da. Disko ugari deskargatu ditugu eta gure musika leku gehiagotara heltzeko modua da, ez dugu mugarik jarri nahi. Baduzu formatu fisikoa, baina beste batzuk ere bai.
Aurkezpen kontzertuan aipatu zenuen Glaukomako bost musikariek ez duzuela taldetik dirua irabazten. Zuentzat garrantzitsua da hori bereiztea?
Kristoren errespetua diegu musikaz bizi direnei, baina gure egoera ez da hori. Baina gure inguruan hala dela pentsatzen dute batzuek, eta horregatik argitu nahi izan nuen. Musika egitera 24 ordu dedikatzea oso ona izan daiteke, baina era berean zure independentzia eta askatasuna ez dira berak. Guk atera dezakegu nahi dugun diskoa, nahi dugunean eta nahi duguna kontatzen. Hori oso garrantzitsua da guretzat.
Diskoetxe-plataforma oso duin baina apal batean zaudete, baina gero eta jende gehiagok jarraitzen zaituztete. Nola bizi duzue hori? Bertigoa ematen du?
Bonbereneak eskaintzen digu azpiegitura, baina disko bakoitza autogestionatua da. Bertigoa? Ez. Jende gehiagok entzuteak ez du ekartzen beste modu batean funtzionatu behar dugunik eta gu oso harro gaude. Nik astelehenero lanera joan behar dut igual-igual. Baina pozten nau jendeak kantuak gustuko izatea. Gainera, jende gehiagok gu entzuteak ez digu eragiten konposatzean; horri ez zaio inongo arretarik jarri behar.
Aurreneko bi lanak laburragoak eta entzuterrazagoak dira. Oraingoa, baina, disko kontzeptuala, luzea, ilunagoa. Diskoak baino kantuak kontsumitzen diren garai honen kontrara?
Gu diskoekin hazi gara, nahiz eta sound system kulturan ohikoak diren singleak. Baina guretzat lan egiteko formatua diskoa da. Ez zaigu inporta tendentziaren kontra egitea. Hasi ginen orain dela pare bat urte ideiak biltzen, inprobisazioak grabatzen… eta ez genekien disko bikoitza egingo genuenik. Erabat irekita geunden eta hala irten da.


