Peru Magdalena publica el libro "Ametsondoa"
- Fecha26 de Octubre
- Temática Literatura
79 ipuin labur egin ditu, «giza iruditeriaren oinarrizko sinboloen gainean»
«Ipuin laburrak dira batzuk, labur-laburrak beste batzuk, eta labur-labur-laburrak beste batzuk». Eta, aldi berean, testu guztiak «giza iruditeriaren oinarrizko sinbolo batzuen gainean» sortutakoak dira. Halaxe deskribatu du Peru Magdalenak (Berriz, Bizkaia, 1980) Ametsondoak (Elkar). «Ipuin batzuk onirikoak dira, ametsen munduko irudi oinarrizko horiekin eginak, surrealistak, absurdoak, kutsu filosofikoa daukatenak, umorearen kolpez lagunduak beste batzuk, nik ere uste baitut, Nietzschek bezala, umorea dela daukagun armarik eta interesgarri eta indartsuenetako bat, oharkabean harrapatzeko inguratzen gaituena, eta geure burua ere bai».
Sagarrondoek sagarrak eta gaztainondoek gaztainak ematen dituzten gisara irudikatu du ametsondoa Magdalenak: «Jolas egin dut ametsez osatutako zuhaitz edo izakiarekin: ametsetan izan du liburu honek oinarria». Egunerokoan, loaldian, hain ohiko izanik ere, ametsen presentzia gero eta urriagoak atentzioa ematen dio idazleari: «Susmoa daukat gure egungo gizartean gero eta gutxiago erreparatzen diegula ametsei: gutxiago begiratzen diegu, arreta gutxiago jartzen, eta gero eta gutxiago hitz egiten dugu haietaz».
Magdalenak kontatu duenez, greziarrek bi amets mota bereizten zituzten: «Pilatutako irudiz gainezka etortzen zaizkigun ametsak dira batzuk, eta besteak, beraien esanetan, jainkoen mezuak ziren». Jainkoen mezu horiek «inkontzientearen mezu» moduan ulertzen ditu Magdalenak: «Geure barren-barrenekoak dira, arrazional mailara heldu gabeko geure izaki-animalia indartsu horrek ematen dizkigun mezuak dira».


