Conversando con Juan Manuel Uria

  • Conversando con Juan Manuel Uria

  • Fecha18 de Octubre
  • Temática Literatura

Juan Manuel Uriak Harria (El Gallo de Oro) poesia liburua plazaratu zuen duela hilabete batzuk, euskaraz eta gazteleraz. Azaroaren 3an “Noski!” izeneko liburu-denda inauguratuko du Errenteria/Oreretan, Shiara Nuñorekin batera. Harria liburuaz, El Gallo de Oro argitaletxeaz eta liburu-denda berriaz mintzatu gara elkarrizketa honetan

Dagoeneko egin duzu ibilbide bat argitaratzen: 2005ean Puerta de Coral liburua plazaratu zenuenetik hainbat argitaletxerekin publikatu duzu hainbat lan, azkenean Beñat Arginzonizekin batera El Gallo de Oro argitaletxe propioa sortu eta bertan lanak plazaratzen hasi zaren arte, Harria adibidez. Zure ibilbidean non kokatzen da Harria?

Nik heldutasun batean kokatzen dut, batez ere ahots poetikoaren eraikuntzari dagokionean. Badut adin bat, eta zentzu horretan liburu honetan bada depurazio bat ere, begiradaren depurazio poetiko bat. Batez ere erretorika guztiaren eliminazioan oinarritzen da depurazio hori, estiloari dagokion erretorika eta erretorika mentalaren eliminazioa. Gauzen gaineko begirada zuzena eragozten duen guztia ezabatu dut. Niretzat poesia hori da azken batean, gauzen gaineko ikuspegi zuzen bat, haien hondoa ikustea bermatzen duena, hain zuzen ere.

Abiapuntua guztiz ez ohikoa da, zure aitona harri-jasotzailea da abiapuntua, Santos Iriarte “Errekartetxo”. Irudi pertsonal batetik abiatu zara beraz, nola lortu duzu unibertsaltasunera eramatea?

Oso gauza konkretu batetik abiatu nahi nuen, harri batetik, baina unibertsaltasunera iristea nuen asmoa. Harria objektu poetiko, sinboliko eta antropologiko gisa unibertsala da. Nik aspalditik banuen nire aitonarekin zor bat, haren inguruan zeozer idatzi behar nuen sentsazioa, pertsonaia interesgarria izan zen heinean eta harriari loturiko legenda bat. Nik ez nuen bera askorik ezagutu, baina badut nire amaren memoria, eta nolabaiteko memoria poetiko bat ere: neronek imajinatu dezakedana nire aitonak harriekiko sentitzen zuenaren inguruan. Berarengana irudimenaren bidez gerturatzeko askatasuna. Duela urte batzuetatik behar horretan nengoen murgilduta, aitona eta harriaz idatzi nahian, baina ez nuen lortzen zehaztea. Lehenengo testua idazten hasi eta testuak kateatzen hasi ziren arte, corpus poetiko bat osatuz. Harria jasotzeaz hitz egin nahi nuen baina ez kirolaren ikuspegitik, balio unibertsaletatik baino: hitz egin dezala sortzaile orori interesatzen zaionaz, izateaz, garen misterioaz, gizakiaz eta gizatasunaz, harria eta pertsonaren arteko harremanaren bitartez.

Leer información completa en el sitio web de la fuente