Gerardo Mungia: «El euskera me tiene totalmente enganchado y la pastoral es mi pasión»
- Fecha11 de Septiembre
- Temática Artes escénicas
Lanean dabil buru-belarri Gerardo Mungia. Irailaren 16an, Etxalarren, Karmen Etxalarkoa pastorala estreinatuko dute, eta bera da egilea. Luze-zabal azaldu digu zer prestatu duten ehundik gora lagunen artean. Beste zer kontaturik ere badu iruindarrak, euskara nola ikasi eta aberastu duen esan digu. 1980ko hamarkadan Iruñean heroinak hamarnaka gazte nola eraman zituen ere gogoratu du
Zergatik esaten dizute “Pintxe”?
Nafarroako autobidearen obretan hasi nintzen lanean gaztetxo nintzela, artean peoia izateko adina ere ez nuela. Hori dela eta paratu zidaten “Pintxe” izena.
Gaztetatik lanean, beraz?
Bai. 14 urterekin hasi nintzen arropa biltegi ezagun batean: “Numancia, la casa de la elegancia”. Gero, besteak beste, Burundesako autobusetan kobratzaile aritu nintzen, eraikuntzan hasi arte. Gerora ere bertze gauza aunitz egin izan ditut, ardo ekologikoa, esate baterako.
Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Ene gazte denboran euskara beti izan zen hor modu batez edo bestez, gure etxeko fundazioan ez izan arren. Aitatxi eta amatxi iruindarrak ziren, eta haiek bai euskaldunak zirela, baina aitatxi ez nuen kasik ezagutzeko astirik izan. Gainera, etxean gauza askoz ez zen hitz egiten, besteak beste euskarari buruz. Aitatxi eta amatxi koadernatzaileak ziren, Arantzadi enpresa ezagunean egiten zuten lan, eta horregatik gure etxean beti liburu asko izan ditugu eskura. Txikitatik oso gogoko izan dut irakurtzea. Enetako bi idazle oso garrantzitsuak izan dira: Sarrionandia eta Itxaro Borda. Haien zale amorratua naiz eta beraiekin izugarri ikasi dut. Hizkuntza nola maneiatzen duten xoratzen nau. Haiek euskararen ikasteko esperantza eman zidaten.
Gazte garaian mendira maiz joaten nintzen, gure belaunaldiko asko bezala, eta hor barrena ibilki zarelarik ohartzen zara mendi, ibar eta herri askoren izenak euskarazkoak direla. Iruñean ere berdin. Euskara beti hurbil izan dut.
Bestalde, trantsizio garaian Euskal Herri euskalduna eraikitzeko proiektuak indar handia zuen. Herri Batasuneko militantea izan naiz, Amnistiaren Aldeko Batzordeko kidea eta LABeko afiliatua naiz. Politikak markatu gintuen eta ni horregatik pozten naiz, gure belaunaldiko askotxok ideia politikoengatik atxiloaldiak ezagutu ditugun arren. Nik garbi daukat langilea naizela. Langiletasun hori da ni identifikatzen nauena.


