Maialen Lujanbio:«No se piensa igual en todos las melodías»
- Fecha24 de Agosto
- Temática Artes escénicas
Maialen Lujanbiok “Zer da doinua, zer da kantaera bertsolariarentzat?” hitzaldia eskaini du Mitzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Doinua mezuaren garraiobidea da baina mezuaren parte ere bada eta horrez gain, hautu estetiko eta baita ideologiko bat ere bada, bertsolaria horren kontziente denean behintzat. Doinuaren memoria testutik dator bertsolarientzat, bakoitzak bere erara deitzen die doinuei, doinuen izen ofizialak ia inork ez dakizki. Testua doinutik ia bereizi-ezina da bertsolarientzat, eta ez da berdin pentsatzen doinu guztietan.
Bertsolariak jokatu dezake doinuarekin, esaterako, Bilboko Hontzaken konpartsa itxi dutela gaia jarri eta “Agur jesusen ama” doinuan hasten bazara, ezer esan aurretik asko esaten ari zara. Doinuaren hautua egiten da gaiaren izaeraren arabera. Zergatik? inkotziente kolektiboan partekatzen ditugun elementuak erabiltzen ditugulako.
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan
Doinuak pentsatzeko aldarte bat ematen du, edo daukazun aldarteak doinu jakin bat eskatzen du. Doinuak testuari eragiten dio, “neska zaharrak tentatzen” doinuan ari naizenean aldartea aldatzen zait, hainbeste, gipuzkeraz kantatzen baitut, eta esamolde tradizionalak ekartzen dizkit bukaeretarako.
Testua modu batera antolatzera eramaten zaituzte doinuek. Doinu batzuk ez dute indarrik ez hasieran ez bukaeran, beraz, indarra lortzeko modua akumulazioa da, lehen puntutik bete eta bete eta bete, bukaeran puntualizazio bat nahikoa izan dadin.
Errepika duten doinuak hautatzen ditugu testuaren mesedetan eta publikoak baldintzatutako saioetan, esaterako, euskaldunberrientzat kantatzen dugunean, edo motibo ez hain duinengatik ere bai: txapelketetan, pentsatzeko denbora gehiago izateko…
Doinuak badu neurria
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan. Badira neurri zabalak eta estuak, neurri hautsiak eta jarraituagoak… Hamarreko txikia tonu dramatikorako edo kontrakorako, oso bizirako erabiltzen dira. Hamarreko handiari pisua, emotibitatea, indarra eskatzen zaio. Topiko hauek hausteak badakar sorpresa atsegin bat. Esaterako, Goazen! telebistako saioren gaian, zortziko txikian eta serio kantatzea.
Doinuak badu zerikusia jendearen espektatibekin. Doinu bakoitzari atxiki diogu izaera bat, eta hortik ateratzen bazara jendeak ez du oso ongi hartzen, a priori. Jendearen espektatibak zerikusi handia du doinuen hautuan eta erabileran.
Txapelketa izaten da doinu berri edo berrituak plazaratzeko gunea. Txapelketan bertsolariak doinu berria darama bere intentzio estetiko-ideologiko bati erantzuteko. Marka propio bat izateko txapelketa horretan, beste inork erabiliko ez duen doinu mota bat izateko. Beste kontu bat da doinu hori oso erraz fusilatzen, bersionatzen eta ajatzen dugula. Badago paktu isil bat bertsolarien artean beste bertsolari batek ez duela doinu hori erabiliko txapelketa horretan, agian eskatu beharko litzateke epealdi luzeago bat…


