El pintor alemán Georg Baselitz reúne 60 obras en la exposición "Los Heroes" en el museo Guggenheim de Bilbao
- Fecha14 de Julio
- Temática Artes visuales, Museos
Urriaren 22ra bitarte izango da ikusgai
«Ezin izan dut Alemania saihestu, ezta alemaniarra izateari utzi ere». Georg Baselitz artistak bere lanak deskribatzeko erabilitako hitzak dira. Adolf Hitler buru zuen Alemania nazian jaio zen, 1938an, II. Mundu Gerraren atarian. Soldadu, errefuxiatu eta bonba artean igaro zuen gaztaroa, eta Gerra Hotzaren testuinguruan hasi zen barnekoa pintzelaren bidez ateratzen. Europako gizartea lehenaldia ahaztu eta etorkizunera begira jarri zen une berean, iragana betikotu zuen artistak. «Bortitza izan zen», azaldu du Eva Mongi-Vollmer Sadel Museum Frankfurteko zuzendariak. Bizi izandako errealitatea margotu zuen Baselitzek oihaletan hasieratik: mundu mailako ordenarik ezari itxura maskulinoa jarri, eta Heroiak ala tipo berriak izeneko seriea margotzen hasi zen 1965ean.
60 irudi baino gehiago egin zituen urte bakarrean, eta gutxitan bildu dituzte denak areto bakarrean. Bilboko Guggenheim museoan daude orain, Georg Baslelitz. Heroiak erakusketan. Berezia da bilduma, Mongi-Vollmer komisarioaren arabera. «Alemaniaren historiako kate maila galdua da artistaren lana».
Gizon bat margolanaren erdigunean, oinutsik, prakak zabalik dituela eta zauriz beteta. Militarrez jantzita dago, eta lurrean marrazkirik eta sinbolorik ez duen bandera bat dago. «Margotuta dagoen irudi bakoitzak oroitzapen bat du atzean», azaldu du Mongi-Vollmerrek. Baselitzen Haizea alde margoaren aurrean dago komisarioa. Irudiaren alde batean, gurdi txiki bat ageri da. «Nekazari herria zen, eta horregatik azaltzen da gurdia bere margoetan. Oroitzapen bat da hura ere». Deutschbaselitzen jaio zen margolaria, eta hortik datorkio izen artistikoa ere. «Itzal handiko margolaria da Alemanian».


