Fermin Muguruza: «¡Que se vayan todos los puristas al cuerno!»
- Fecha21 de Junio
- Temática Música
Irun - Bartzelonatik etorri berria da eta beroak ezustean harrapatu du. Argazki saioa egiteko Irungo Mosku auzoko Kontrakalea aukeratu du, bere kalea. Elkarrizketa, baina, etxean eman du, milaka proiektu prestatu dituen sukaldeko mahai berean. Donostia Kulturak “beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko” gaitasunagatik saritu du. Kortatu (1983-1988) eta Negu Gorriak (1990-1996) taldeekin ala bakarka, punk, rock, ska, hip hop, reggae eta jazz estiloak jorratu ditu, besteak beste, “bide berriak urratu ditu eta beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko”, epaimahaiak nabarmendu duenez.
Zer pentsatu zenuen sariaren berri eman zizutenean?
Hasieran ez nintzen ohartu eta testuinguruan sartzeko, esan zidaten Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi izan zirela aurreko saridunak. Egia esan, ez naiz oso sarizalea baina aurrekari horiekin, ezin izan nuen ezezkorik eman. Zintzoki, oso modu onean jaso behar dut, ilusio handiarekin...
Sariak galtzak bete lan harrapatu zaitu, ohi bezala…
Bai, horregatik iruditu zitzaidan interesagarria saria. Egun, sekulako tributoa ordaintzen zaio nostalgiari, eta Donostia Kulturak bete-betean asmatu du ibilbideari sari bat sortzeko garaian. Txalotzekoa da eta uste dut oso garrantzitsua dela post-mortem ez ematea, bizirik zaudenean baizik.
Datorren urtean estreinatu nahi duzu ‘Black is beltza’ animaziozko filma …
Hori da. Duela hiru urte Dr. Alderete marrazkilariarekin eta Harkaitz Cano idazlearekin egindako nobela grafikoaren egokitzapena izango da, baina beste look bat emango diogu. Nik horrela ulertzen ditut proiektu transmediak, adar ezberdinak dituzte: kasu honetan, komikia izan da abiapuntua, eta geroago etorri ziren erakusketa, ekitaldi paraleloak, kontzertuak, diskoa, zuzenekoak… Orain pelikularen txanda da.
Zein fasetan dago?
Azken asteotako Bartzelonako egonaldia probestu dut pelikularen soinu banda grabatzeko. Raúl Fernández Refreerekin egin dut musika inzidentala eta hainbat kantutan parte hartu duten zenbait lagunen bisita ere izan dugu: Anari, Maika Makovski, Iseo, Manu Chao… Azken nahasketak baino ez dira falta, baina musika badugu prest. Orain animazioarekin has gaitezke!
Eta nola bideratu behar duzue?
Irungo Dibulitoon eta Argentinako beste animaziozko estudio batekin egingo dugu. Sekulako lana egin behar da: pertsonaiak, fondoak…. Komikiarekin alderatuta, beste itxura bat izango du, erabat ezberdina. Marrazkiak Josep Homsek egingo ditu, Millenium pelikularen komiki-egokitzapena egin zuenak, eta beste gidoilari batekin arituko naiz, filma batek beste narratiba mota behar duelako.
Musikan hasi zinenetik, behin eta berriro aritu zara zeure burua berrasmatzen... Kortatu, Negu Gorriak, bakarkako ibilbidea eta azken zortzi urteotan, zinemagintzan murgildu zara buru-belarri, musikan baino gehiago…
Bai, azkenaldian lan emankorragoa egiten ari naiz dokumentagintzan eta orain izugarri gozatzen ari naiz animaziozko pelikula bat nola egiten den ikasten: framez frame birpasatzen ari naiz gustuko ditudan filmak, eskarmentu handiko jendearekin bildu, jardunaldietara joan… Horretan datza gauzak egiteko nire grinak, benetan gozatzen dut gauza berriak ikasten.


