Booktegi proiektua: Para leer un libro cada semana
- Fecha25 de Mayo
- Temática Literatura
Guztion liburuak, guztiontzat. Izenburuaren azpian ageri den leloak ongi laburbiltzen du Booktegi proiektuaren funtsa. Euskarazko testuak argitaratzeko eta doan eskuratu ahal izateko plataforma bat da Booktegi, edo, beste era batera esanda, euskarazko argitaletxe digital bat. 11 Itzulpen enpresak jarri du martxan, asmo jakin batekin, proiektuaren koordinatzaile Aritz Brantonen esanetan: «Euskarazko irakurketa eta idazketa sustatzea». Zortzi aste daramatza martxan sarean plataforma berriak; jada 4.600 lagunek bisitatu dute, eta 3.400ek deskargatu dute eskuragarri dauden 26 lanetakoren bat. Bilduma gizentzen jarraitzea dute xede, eta astero eskaintzari liburu bat gehitzea.
Gabezia batek bultzatuta jarri zuten martxan egitasmoa, sumatutako «bi ahulezia aukera bihurtu nahian», Brantonen hitzetan. Batetik, iruditu zitzaien «euskarazko munduan liburu elektronikoak oso gutxi» erabiltzen direla, eta, gainera, «oso formatu mugatuetan» zabaldu izan direla —Susa argitaletxea aipatu du salbuespen modura—. «Bestetik, liburu askok, nahiz eta onak izan, aukera gutxi izaten dituzte, eta apaletan ahaztuta geratu ohi dira, hautsa pilatzen. Horiek ere beste ibilbide bat merezi dute». Gabezia horiei irtenbidea emateko erabaki zuten plataforma sortzea.


