Toda la obra de Txillardegi digitalizada y disponible en la red
- Fecha23 de Mayo
- Temática Literatura
Pentsalari eta eragile donostiarraren ia 2.000 dokumentu digitalizatu ditu Jakinek, eta guztiak www.jakin.eus/txillardegi atarian kontsultatu daitezke
Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik. Horregatik erabaki du Jakinek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatzea, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratzea. “Euskal pentsamenduan izan diren diskurtso berritzaileak ezagutzea garrantzitsua dela uste baitu Jakinek, bai behintzat kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu nahi bada. Txillardegi ezinbesteko pentsalaria dugu horregatik”, zehaztu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.
Ia 2.000 idazlan digitalizatu denon eskura
Hiru urte eman ditu Jakinek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa. “Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira”, azpimarratu du Joan Mari Torrealdaik. “Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak idatzitakoak. Esaterako, 40 dira liburuak eta 1.352 artikuluak”. Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010-11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Jakinen ere argitaratutako 17 lanak topatuko ditu bertan bilatzaileak, esaterako. Gainerako argitalpen digitalak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira, 350 guztira.
Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran. Horiek guztiek osatzen dute Jakinek abian jarri duen www.jakin.eus/txillardegi sareko atari berezia. Bilatzaile erraz eta berariazkoarekin.
Pentsalaria bezain eragilea
Donostian sortu eta hil izanagatik ere, 16 urte eman zituen Txillardegik erbestean frankismotik ihesi, 1961etik 1976ra. Paris, Brusela eta Waterloo izan zituen bizitoki. Atzerrian osatu zituen linguistika ikasketak; izan ere, Bilboko ingeniaritza ikasketak burututa, 1976an linguistikan lizentziatu zen Parisen, eta 1981ean Kaliforniako UCLAn fonetika eta fonologia ikasi zituen. Bartzelonako Unibertsitatean eskuratu zuen ostean doktoretza. Hizkuntzalaritza izan baitzen Txillardegiren pentsamenduaren ardatz nagusietako bat, eta ogibidea ere izan zuen. Deustuko Unibertsitateko Donostiako EUTG ikastetxean irakasle aritu ondoren, 1982az geroztik EHUko irakasle izan zen, eta katedratidun emeritu gero.
Hainbat berrikuntza ekarri zituen hizkuntzaren arloan Txillardegik. Hizkuntza herri identitatearen eta eraikuntzaren erdigunean kokatu zuen, eta Euskal Herriaren lurralde batasuna hizkuntza batasunetik hasten dela sinetsita, euskara estandarraren aldeko neurri aitzindariak planteatu zituen 1964ko Euskal Idazkaritza Elkartearen Baionako Biltzarrean. Gainera, euskarak eta euskal kulturak modernizatzeko premia zutela ikusita, euskarazko lehenengo nobela modernotzat jotzen den Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuen 1957an.


