Frantxis Lopez: «El mercado no puede absorber una revista literaria en euskera, pero la cultura vasca la necesita»
- Fecha11 de Mayo
- Temática Artes visuales, Artes escénicas, Música, Audiovisual, Literatura
20 urtez, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari aritu da Frantxis Lopez Landatxe (Donostia, 1953). Pasa den abenduan utzi zuen postua, nahiz eta ibili, badabilen oraindik, han eta hemen. Anekdota adierazgarri bat: hizketan aritu garen ordubetean, bost lagunek eten digute haria, Frantxis agurtu eta erretiroa zer moduz doakion jakin nahi zutela-eta
Nolakoa da lehenengo egun hori, hainbeste urtean toki berera lanera joan osteko biharamuna?
Zoragarria. Zergatik? Igual agenda kentzen duzulako gainetik, eta nik uste dut, bizitzeko, tentsioa ona dela, estres minimo bat behar dugula, baina hainbeste urtean, tak-tak-tak… Sinestezina da bat-batean askatasun hori sentitzea.
Pozik zaude egindako bidearekin?
Batzuetan iruditzen zait azkar joan dela, baina katalogoei begira hasita ikusten da urte asko izan dela eta gauza asko egin dela. Ez nuke esango ezkorra naizenik, baina bueno, egin dena egin da.
Arantzarik geratu al zaizu?
Egileei errespetua diet eta pena da lan isil asko hor gelditu dela, bazterrean. Uste dut gure funtzio nagusietako bat zela hori, bazterrean zeudenak ateratzea edo ateratzen laguntzea. Esango nuke bereziki emakume artistenak direla lan isil horiek. Gizonezkoak gehiago mugitzen dira beren obra saltzeko.
Jo dezagun hasierara. Zer dago Koldo Mitxelena Kulturunearen sorburuan?
Etxe horren bihotza liburutegia da. Gero horren inguruan sortu nahi ziren beste gune batzuk, adibidez, garai hartan Arteleku bizirik zegoenez eta huraxe zenez artea sortzeko gunea, antolatu behar zen artea erakusteko beste gune bat, eta gero bazegoen Areto Nagusiaren ideia ere. Hori guztia ikuspegi orokor batetik landu nahi zen, eta arriskua zegoen etxe hori transatlantiko bat bihurtzeko, norabide argirik gabea. Orduan, erabaki zen norbaitek hartzea guztiaren ardura: eskaini zidaten, eta hala hasi nintzen.
Zeintzuk ziren zure erronka nagusiak, zuzendari-lanetan hasi zinenean?
Niretzat erronka bat zen izena bera: Koldo Mitxelena. Pertsona zorrotza zen, zientifikoa, baita liberal samarra ere, euskaltzalea, zine-zale amorratua, eta politikan ere ibili zen. Hitz batean, pertsona anitza zen. Jakina, izen horrekin, etxe horretan saiatu behar genuen lehenik eta behin irekiak izaten. Gure gizartean, orain dela 20 urte, tribuak oso markatuta zeuden, eta ireki izateko saiakera horretan erabaki batzuk hartu genituen. Adibidez, areto nagusia librea zen eta da, elkarteek edo mugimenduek, eta ez pertsona fisikoek, libreki erabil dezakete beren kezkak azaltzeko. Guri tokatu izan zaigu, Diputazioaren mende egonda, AHTren kontrako hitzaldiak antolatzea norbaitek aretoan, edo egun batean akaso biktimen elkarte baten ekintza, eta biharamunean presoen familien aldekoa. Alde horretatik, kriseilu bat izan da, eta batzuetan problemak izan ditugun arren, uste dut bide bat markatu dugula.


