Iñigo Garces "Cabezafuego": «Mi obsesión es que se entienda lo que quiero decir, no soporto las pomposas letras del indie»
- Fecha5 de Mayo
- Temática Música
Iñigo Garces “Cabezafuego” iruindarrak bizitza erdia darama musika proiektuak sortzen. Half Foot Outside, Mermaid, Basque Country Pharaons, Royal Canal, Bizardunak, Atom Rhumba... Zerrenda bukaezina da. Azken urteotan Cabezafuego izenpean dihardu eta Somos droga bigarren lana kaleratu du, disko-komikia. Umore errealistaz jositako pop kantu biribilak ditu jomuga, etxeko sampler, teklatu zein ezusteko kolaborazioek “zikinduta” eta bere musika ezagutza zabal eta “bizarro”-ari keinu eginez.
Zerk pizten dizu musika egiteko garra? Etengabe ari zara proiektu berriak sortzen...
Musika egitea beharra da niretzat. Ez naiz inoiz idaztera jarri, gorputzak eskatzen dit. Jende zoragarria eta putakumeak ezagutu ditut, jende handiarekin batera jo dut... Geldigorra naiz eta egitasmo askotan sartzen naiz gero itota ibiltzeko. Horregatik orain proiektu gehienak utzi ditut, Cabezafuegotik ezingo naiz joan.
Nola idazten dituzu kantuak? Beti daude presente umorea eta nostalgia...
Nire betiko obsesioa da esan nahi dudana ulertzea. Indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten, ezta hainbaten poesia hutsa ere. Umorea oinarrizkoa da eta berezkoa dut. Eta nostalgiak ere pisu handia dauka. 40 urterekin, bizi izandakoa gaur egungo kontuez hitz egiteko aingura da; oroimen putzuak gara.
“‘Talentua daukazu’ esaten zidaten zurikatzaileek kalitatezko koka esnifatu ostean”. Zein da abesti batek balio duenaren neurgailua?
Oso kritikoa naiz nire buruarekin. Orain jendeak kontzertuetan nire kantuak abesten ikusteak pozten nau. Sumision City Blues-eko Pelaren hitzak heltzen zaizkit, baina gutxienetakoa da. Aldiz, Señor Chinarroren zuzeneko batean 40 urteko gizon bat negarrez ikustea gehiegizkoa iruditzen zait. Eta gauza bera esango nuke Bob Dylanena balitz. Popa edo rocka dibertimendua da, ez besterik.
Ogibide hau erruleta da: Japonian biran Atom Rhumbarekin, plazak beteta Bizardunak-ekin, kontzertu txikiak...
Nire egunerokoa kontzertu txikiak dira. Japonian bost izarreko hoteletan izan ginen, jendetza kontzertuetan... baina astebetera Galizian jaialdi batean publiko gabe goizeko zortzietan jo behar izan genuen.
Diskoari Somos droga izena jarri diozu eta ez da topikoa esatea Mermaid-en garaian, esaterako, drogak oso presente zenituztela.
Bai. Harrotu egiten ginen, mutil guai eta drogadiktoen posea hartu genuen, eta nolabait funtzionatu zuen ezezagunak izatetik hedabideak guri kasu egitera pasa zirelako. Gure egunerokoa zen: 20 urte, egun erdiko lanak egiten... Eta egiten genuen musikak drogen eragina zuen.


