Jon Maya (Kukai): «Cada proyecto nos coloca en la dirección que necesita»
Jon Mayak, Kukai Dantza konpainiaren zuzendariak, bere lanaz eta une honetan esku artean dituen sorkuntza-proiektu ugariez hitz egin digu elkarrizketa honetan.
Euskal dantza tradizionaletan du oinarria Kukaik… Eta hortik norantz jotzen du?
Sorkuntza garaikide bat bideratzen dugu dantza tradizionalean oinarria, abiapuntua edo inspirazio-iturria duena. Bertatik, beste dantza- edo arte-joera batzuekin zubiak eraikitzen saiatzen gara. Nora? Proiektu bakoitzak jartzen gaitu behar duen norabidean.
Errenteriatik mundura. Nola uztartzen da hori?
Oso garrantzitsua iruditzen zait nonbaiten sustraiak izatea eta, bertatik abiatuta, behar den lekura zabaltzea. Gure kasuan, Errenteria da leku hori. Bertakoak gara, bertan hasten ditugu proiektu guztiak, proiektu sozial bat garatzen dugu herrian. Niretzat ezinbestekoa da uztarketa hori. Gure ibilbideari zentzu bat ematen dio.

Praktika eta ikerketa. Zelan antolatzen eta osatzen ditu Kukaik bi arlo horiek?
Proiektu bakoitzaren gauzatzean ageri dira bi kontzeptuak. Hastapen guztietan bada ikerketa bat, gogoeta bat, laborategiko lan bat... Eta bertako ondorioekin pasatzen gara praktikara. Prozesuetako emaitza batzuk agertokira heltzen dira; beste asko ez. Baina iristen ez diren horiek ezinbestekoak dira, beste leku batzuetara iristeko.
Dantzaz harago, beste zein adierazpide artistikorekin gustatzen zaio Kukairi harremanak izatea?
Adierazpide bakoitzak badu bere xarma, bere izaera propioa. Ezberdinen arteko harreman horretan oreka izatea da garrantzitsuena.
Zer bilatzen duzue zuekin aritzen diren kolaboratzaileengan?
Gure jarduera aberastea, gurea ez den beste ikuspegi bat gehitzea... Eta, era berean, guk egiten dugunarekiko sentsibilitate bat izatea eta gure norabidean egotea.

Zer ekarpen egin diezaiokete mundu mailan euskal dantzek dantza garaikideari? Eta alderantziz?
Euskal dantzek historikoki ekarpena egin diote dantzari, eta oraindik ere egiten diotela uste dut. Ez gara munduaren zilborra, baina ditugun ezaugarri horiekin ekarpena ere egin dezakegu. Dantza garaikidearen joerak eta teknikak aplikatzea eta tradiziozko dantzetara eramatea aberasgarri da formakuntza mailan.
Zein dira Kukaik orain esku artean dituen proiektuak?
Une honetan, hamaika gauzatan gabiltza. "Oskara" ikuskizunarekin biran, zinema eta dantza uztartzen dituen "Oskara Plazara" moldaketa abiatu berri, apirilean "Topa" kale-ikuskizuna estreinatuko dugu Bartzelonako Brodas Bros hip-hop konpainiarekin batera. Apirilaren amaieran, Gernikako bonbardaketaren urtemuga gogoratuko dugu "Gernika/Guernica" izeneko piezarekin. Besteak beste, Madrilgo Reina Sofia Museoan izango gara.



