Maialen Lujanbio: «Debemos actuar desde el euskera y desde nuestro mundo referencial, sin tratar de buscarnos a nosotros mismos en los espejos de los demás»
- Fecha10 de Marzo
- Temática Otros
Euskaratik eta euskaraz, herri hau sortzen izenburuko hitzaldia eskaini zuten joan zen eguaztenean Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariek Elgoibarren, elkarrizketa formatoan. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu zuen saioa, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin, eta Kultur Etxeko hitzaldi gela bete egin zen. Bertsolaritzatik abiatuta, euskararen inguruko kezkez galdetu zion Alberdik Lujanbiori, eta bertsotan erakutsi ohi duen zorroztasun eta dotoreziarekin erantzun zien hark galderei. Elkarrizketa hark emandakoa jaso dugu hemen.
Bertsolaritza izango da Euskal Herrian euskara hutsean egiten den jardun gutxienetako bat. Nola eragin du eta eragin izan du zure euskalduntasunaren kontzientzian horrek?
Batetik, bertsolaritzak Euskal Herria ezagutzeko aukera eman dit. Nik, nerez, banuen sentiberatasun bat, ideologiara oraindik iritsi ez zen sentimendu bat, eta bertsolaritzak eman dit horretan sakontzeko aukera. Eta eman dit, baita ere, euskaldun izateko eta euskara bizitzeko modu desberdinak ezagutzeko aukera. Azpimarratu nahiko nuke hori, euskarari buruz hitz egiten dugunean oso zaila izaten delako erretratu orokor bat egitea, egoera soziolinguistikoari dagokionean Euskal Herrian lurralde, zonalde, auzo, eta hiri desberdin asko dauzkagulako. Familia euskaldunekoa naiz ni, herri nahiko euskaldun batekoa, baina ezagutu ditut euskaldun izateko beste modu batzuk, beharbada ez hain tradiziotik edo etxetik datozenak.
Bestetik, bertsolaritza euskaraz dela gauza jakina da, eta nola ez duen berak egiten duena beste hizkuntza hegemoniko batean egiten duen seniderik, aukera izan du –eta zaila zuen, baina asmatu du– bere burua birsortzeko besteekin konparatu beharrik gabe; homologazio bila ibili beharrik gabe. Hori da aztertu behar duguna: ea bertsolaritzaren ereduak balio duen bestelako jardunetarako.
Euskara ardatzean jartzearen garrantzia azpimarratu izan duzu maiz. Zer da euskara ardatzean jartzea? Txapela jantzi zenuenean bukaerako agurrean aipatu zenuen ‘euskaratik eta euskaraz’ hartan zer esan nahi zenuen ‘euskaratik’ harekin? Euskaraz egiten den guztia ez al da ‘euskaratik’ egiten?
Marrazketarako konpasaren irudia erabiltzen dut beti hori ilustratzeko, esanguratsua edo ikusgarria delakoan. Konpasak orratz bat izaten du, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoarekin. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago ireki ahal izango dugu zirkulua. Bada, hizkuntzarekin berdin. Guk orratza euskaran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta beldur gutxiago izango dugu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dugulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. Hori bai, ardatza sendo finkatzeak ez du esan nahi euskaran gotortu behar garenik; kontrakoa. Nik egin ditudan bidaia, kolaborazio artistiko eta abarrak beti euskaratik egin ditut, nik egiten dakidanetik, bertsotik; eta kantatzera mundura irten banaiz, izan da euskaraz kantatzen dudalako. Horrekin esan nahi dudana da eztabaidagarria dela mundura irteteko ingelesez, gazteleraz edo frantsesez egin behar dela esatea. Filosofia modura, estrapolarragarria iruditzen zait hau bertsolaritzatik beste jardunetara.
Euskaratik esaten dudanean, euskal hizkuntzatik eta gure mundu erreferentzialetik egitea esan nahi dut; geure ikuskeratik egitea, besteen ispiluetan gure buruaren bila ibili beharrik gabe. Gurean sinistu behar dugu.


