Conversando con Luis Elizetxea
- Fecha21 de Febrero
- Temática Literatura
Luis Elizetxea errenteriarrak Argiaren hautsa antzezlana publikatu berri du Algaida argitaletxearen eskutik, Donostia Hiriko Literatur Kutxa Saria jaso ostean. Zahar etxe batean dago kokatua istorioa, eta heriotza du mintzagai neurri handi batean. Heriotzari buruz hitz egitea, bizitzari buruz hitz egiteko modurik intentsoena delako agian. Antzerki idazkuntzaz, taularatzeaz, lehiaketez eta argitaratzea mintzatu gara elkarrizketa honetan.
“Argiaren hautsa” plazaratu duzu Kutxa Literatur Saria irabazita. Azkenaldian antzerkia argitaratzeko hainbat zirrikitu zabaldu diren arren (EHAZE, EDO!...), oraindik ere ez da erraza antzerkia paperera eramatera. Zure kasuan, zer suposatu du saria jasotzeak, ze balorazio egiten duzu?
Sariaren berri izan nuenean, nire lana aditu talde batek baloratua zela pentsatu nuen, eta horrek ilusio berezia egin zidan. Inoiz idatzi dudan lanik serioena da “Argiaren hautsa” eta lehiaketa honetan parte hartzean jauzi kualitatiboa egin nahi nuen. Antzerkigintzan dabilen jendeak irakurriko zuela banekien, behintzat, eta horrek etorkizunean bide berriak urratzeko aukera eman ziezazkidakeen. Saria eskuratzeak, jakina, helburu hori denbora laburrean betetzea ekarri du. Lana argitaratu dute eta irakurle askoren eskura iritsi daiteke.
Orain arte gazteleraz idatzitako bi nobela, haur eta gazte literaturako hainbat lan ezagutu dizkizugu. Irakaskuntzan zabiltza lanean, eta Errenteriako Ereintza antzerki taldeko kide zara. Zer leku betetzen du idazketak zure jardunean?
Idazketa zaletasun hutsa izan zen hasieran eta nire ingurukoek irakurtzen zituzten narrazio laburrak zein gidoitxoak idazten nituen. Ondoren, erronka ere bihurtu zen, nire buruari ea eleberri bat idazteko gai zen agindu nionean. Horrekin batera, nire munduaren ikuspegiak eta burutazioak azaltzeko parada ematen zidan, eta hori egin nahi izan nuen bi nobelekin. Lehenengoa Holandako auzolandegi batean girotua dago eta protagonistak bi aste igarotzen ditu birgizarteratzeko bidean diren lagun talde batekin. Amodioa eta intrigaz gain, kutsu soziala ere nabaria da. Bigarrenaren ideia, berriz, nire ikasle nerabeengan igartzen nuen eszeptizismoak piztu zidan, eta helburu pedagogikoa ere badu. Azkenik, nire idazketaren bidez irakurleak disfrutatzea, sentitzea eta hausnartzea gogoko dut. Beraz, oso bestelako asmoek bultzatzen naute idaztera, nahiz eta beti nire baitan dagoen grina asetzeko beharra egon.


