"Euskal musika kosmikoak": Entrevista a Josu Larrinaga
Azken hamarkada hauetako euskal musika interpretatzeko bide iradokitzaile gisa igaroko da historiara Josu Larrinagak iaz Durangoko Azokan aurkeztutako "Euskal musika kosmikoak" liburua. Bertan jasotzen den ikuspegi kaleidoskopikoari buruz hitz egin dio egileak Kulturkliki
Zer da "Euskal musika kosmikoak"? Kontakizuna, kronika, saiakera, doktoretza-tesia...?
Liburuak doktore-tesi batean du abiapuntua, baina testutik kendu dira arlo batzuk –metodologia,.. eta baita orriazpiko oharrak eta erreferentzia bibliografikoak-, irakurtzean jarioa edo flow-a edukitzeko. Beraz, bada saiakera, batez ere, gurean argitaratzen diren entsaioekin lehiatu nahi du, zentzu onean. Baina, aldi berean bada ere Euskal Herriko historiaren azken hamarkaden kontakizun tinko bat, musitaren ikuspegitik, baina denon artean eraiki behar dugun meta-kontakizun ditxosozko horretarako aportazio xumea…
Zergatik izenburu hori?
Testuan zehar Euskal pop musika erabiltzen dugu –baina kontzeptu hori eztabaidatsua da ere…-, popular music modernoak, Antropozenoarekin (hau da, XX mendeko 50. hamarkadatik aurrera) batera mundu osoan zehar egiten eta grabatzen hasi zen musika mota edo hizkuntza unibertsalak Euskal Herrian eduki duen isla sonikoaz hitz egiteko. Eta horregatik bukaeran erabiltzen dugu Gram Parsons musikari estatubatuarraren definizioa, berak esan zuen “american cosmic music” egiten zuela. Hemen horren pareko euskal musika kosmikoa egin dute
Zerk eraman zintuen gai hau jorratzera?
Musika mota hori maite dut, asko gozatu dut entzule moduan eta UEUko ikastaro batzuetan landu genuen gaia, orain dela urte batzuk… Baina batez ere, nire ustez, musika oso markatzaile ona delako gizartean gertatzen denaz jabetzeko.
Nori dago zuzenduta?
Musika orokorrean, pop musika eta euskal musika maite edo interesgarritzat jotzen duen edonorentzat, noski. Baina, harrokeriarik gabe, 1960 hamarkadatik aurrera Euskal Herrian zer gertatu den, euskaldunok zer egin dugun eta zer egin diguten ulertzeko interesa, edo beharra, duen jendearentzat!
Lanari ekin aurretik, begirada eta iritzi jakinen bat al zenuen? Ezertan aldatu al da liburua egiterakoan? Zerekin egin duzu topo, zer izan da gehien harritu zaituena?
Bai begirada banuen oso finkatua, gaia horrela aztertzeko distantzia sortu behar duzu zure ikerketa-objektuarekin eta beste modu batez begiratzeko. Harritu nau gai honetan genero ikuspegia ez dagoela apenas landuta –eta horretan nik ere errudun-, baina harrituta baino, jakinminez gelditu naiz gai horren inguruan –musika zaletasuna eta generoa, zehazki- eta baita jazzaren inguruan zerozer hausnartzeko gogoa….
Aurkibidea, bere horretan, gaiei buruzko izenburu erakargarriz beteta dago.
Alan Lomax etnomusikologo iparamerikarra Ondarroan zertan ibili zen, txalapartaren bidai benetan kosmikoa, nola Xabier Lete kantaldien inflakzioarekin gogaitu zen, Euskal Herriak bizi izan zuen uda hippya, punkak indar politko handi batean eragin zuen mutazioa, rave culture delakoaren bertsio lokala: txosna kultura…. Badaude gaiak, bai!
Gizarte Antropologia irakaslea zara EHUn. Musikak deskribaten al gaitu euskal herritarrok? Zer agertzen da irudi horretan? Zer ezaugarri izango lituzke erretratu horrek?
Musikak islatzen du garena eta egiten duguna, baina baita egiten gaitu ere. Egin den musika entzuten badugu, batera tradizoa eta abanguardia era oldarkor baina zuhurrean besarkatu dituen etnoidentitatea eraiki dugula ikusten da,.. baita azken urteotan nahiko apalankatuta gaudela ere.
60ko hamarkadatik gaur egunera arteko tartea hartzen du liburuak. Nola ikusten duzu euskal musikaren etorkizuna?
Musikak beti alaitu eta tristetu, mobilizatu eta lasaituko gaitu, ez dakit musikaz gozatzeko ze nolako kanalak edo bideak lehenetsiko ditugun, baina mundua nola doan ikusita (aldaketa klimatikoa, peak oil, migrazio masiboak..) nik esango nuke izango dela zuzenekoa, gehienbat desentxufatua, polierritmikoa.. eta EHn inon baino alaitsuagoa izanen da! (eta, ez, ez du dirurik emanen..).

