Entrevista a Mikel Etxaburu
- Fecha25 de Noviembre
- Temática Literatura
“Poesia subertsiboa da”, hala uste du Mikel Etxaburuk, eta ikuspegi horretatik heltzen dio poesiari. “Begiratzetik haratago, edukia-kontzientzia-kritikotasuna exigitzen duelako”. Ondarroako idazleak Blas de Otero Saria irabazi zuen iaz eta poemario saritu hura da, hain zuzen, Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak(Erein) liburuan jaso duena
Zure ibilbide poetikoa jarraitu duenak beste aire bat hartuko dio lan honi. Izan ere, kartzelaren itzala handia da zure aurreko bi poema liburuetan. Honakoan baina, kokagunea ez da kartzela. Hiria baizik. Bilbo, zehatz esanda. Baina berdin balio dezake Donostia, Gasteiz, Paris edo London bezalako hiriguneetarako, ezta?
Bai, arrazoi duzu, aurreko bi liburuetan kartzelaren itzala handia izan da. Hala ere, kartzelak norberak bereak. Sarri askotan, ez da kartzela fisiko bat irudikatu behar kartzelez hitz egiteko. Oroitzen dut kantak ziona “(…) libro nintzela sinistarazi zidaten (…) bainan luze gabe ohartu nintzen hanka harkaitz bati lotu zidatela kate motz eta astun batez”. Denok, ia denok dakigu hanka kate motz eta astunari lotuta daukagula, eta neurri batean, zoritxarrez, ikasi ere egin dugu kate horrek eskaintzen digun askatasun mugatu horrekin konformatzen. Beraz, kartzelak era askotakoak dira; zuk zeureak eta nik neureak, baina lotzen gaituen katea beti da kate bera. Hortaz ere hitz egiten dute nire poemek.
Bestalde, hiriek badute adierazpide komunik; deserri dira askorentzat, erbeste ere badira, beste gauza askoren artean. Beti galdetu izan diot neure buruari, adibidez, ia zer pintatzen duen gaztainondo batek zementuz inguratutako metro karratuko lur sail batean; basorik inoiz ezagutuko ez duen horrentzat lubakia da aberri. Eta pertsona askorentzat ere horixe da hiria.
Zure kontra jotzen dute olatuek:
gorrek ere entzuten dute dunbotsa...
Hiria litzateke poemario honen elementu bereizgarrietako bat. Itsasoaren oihartzunak hor darrai baina. Esango nuke konstante bat dela zure poesian. Kostaldeko poeten ezaugarri dena, bestalde.
Kostaldeko poetek ondo ezagutzen dute itsasoaren aurpegia eta ifrentzua. Nire aita arrantzale izan zen 12 urte zituenetik hil zenera arte. Eta gure etxean, beste arrantzaleen etxeetan bezalaxe, makinatxo bat egoera lazgarri bizi behar izan ditugu: aitaren falta, diru urritasuna, amaren ahalegin neurrigabea, istripuak eta arrengurak. Baina baita itsasoarekiko maitasuna ere. Hori dena da niretzat itsasoa, hala ere, gehiago dauka ikuspegi onirikotik baino bizitzaren gordintasunetik.
Presoak zuk ikusten duzun ilargi bera du amets
Kartzelaren tematika ez da ezabatu. Iragana ez da mutua. Eta noiznahi bueltatzen da kartzelaldiak utzitako mina, ezta?
Bai. Eta badiot poema berean, “ (…) zeren eta ni berdin nintzen aske preso nengoenean”. Hortik ondorioztatu daiteke ere, maiz, kartzelan bezain gatibu sentitzen naizela kalean. Kartzelak, eremu mugatu fisikotik haratago badaukalako bestelako irakurketarik. Kartzelak dira beldurrak, inbidiak, nortasun ahulak, ondokoaren aizkora zorrotza… Geure buruari tranpak egitea bilakatu dugu kredo, eta hori jarrera tristea eta miserablea da. Izan ere, norberari egiarik aitortzen ez dionak, zelan aitortuko dio ezer hurkoari? Horregatik diot, ahalegin berezia egin beharko genukeela, nigandik hasita, norbanakoan eragiteko. Kolektibitateak, herriak, kuadrillak… norbanakoek osatzen dute. Eta segun eta zelakoak diren norbanako horiek, segun eta zein ezaugarriren baitako irakurketen arabera ulertzen den mundua –hurbilekoa zein kolektiboa- funtsezkoa izango da kolektibitate hori egikaritzeko, demagun herria. Euskal Herrian, ohitura dugu herriaz eta enparauez hitz egiteko; mantra durunditsua. Eta sarri askotan, nahiago izaten dugu kontzeptu orokorren baitan estaltzea norbere miseriak. Baina bat ez da esaten duena, egiten duena baizik; eta horrek salatzen gaitu, edo indartzen. Beraz, eragin dezagun norbanakoan eta horrek ziurtatuko du kolektibitate kritiko eta burukritikoak sortzea, bi elementu horien baitan oinarritzen baita niretzat askatasuna. Nire poemek hori sustatzea ere bilatzen dute… asmo handiegia, seguruenik, poema soil batzuentzat.


