X. Mendiguren: «Quería reflexionar sobre las consecuencias de los acontecimientos que tuvieron lugar en 1981»
- Fecha15 de Noviembre
- Temática Literatura
Kaleratu berri den Alsina liburuan joan-etorriko bidaia da nagusi: joanekoa, Alsinaren amak eta aiton-amonek gerratik ihesi itsasontzian Ameriketara egindakoa eta, itzulerakoa, Alsinak 40 urte geroago hegazkinez Euskal Herrira egindakoa. Bi bidaien kontakizunean tartekatzen dira A eta B politikarien arteko elkarrizketa zatiak ere. Kontaketa soila egiteaz gain, idazketaren barruko mekanismoak ere erakutsi nahi izan ditu Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964).
Maitane Legarreta
Zergatik uztartu nahi izan dituzu bi bidaiak?
Nik uste horren jatorrian dagoela bi garaiek sortzen duten lilura, duten indarragatik, esanahiagatik eta gertakarien pilaketagatik. 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran protagonista izan ziren hainbat lagun izan ziren hemen, gerra galdu eta ihes egin zutenak. Gero, Europan gerra hasi zenean, batzuk gelditu egin ziren eta besteek ihes egin zuten. Euskaldun batzuk horrela ibili ziren eta haien egoera kontatzeko modukoa iruditzen zitzaidan. Casablanca filmean agertzen den giro berezi hori euskaldunekin lotzeko aukera ematen zidan. Eta beste garai baten indarra zen 1981eko urte hasierako hori, gertatu zen guztiagatik. Nobelan ez da gehiegi agertzen azkenean baina garai horrek ere erakarri egiten ninduen eta biak kontatu nahi nituen.
Zergatik erakartzen zaituzte bereziki?
Hemengo gerrak, 36koak, eta Bigarren Mundu Gerrak milaka istorio eman dituzte. Gerra batean ateratzen da gizakiaren alde onena eta txarrena, eta mila istorio daude hor tartean. Horrek jokoa ematen zuen. Bestetik, Espainiako trantsizioa Euskal Herrian nola gertatu zen kontatzeko modukoa dela iruditzen zait. 1981eko hasiera gaztetxoa nintzela egokitu zitzaidan, 16 urte nituela. Norberak nerabezaroko gauzak beti intentsitate bereziz bizi ditu. Lehenengoa lilura orokorra da eta bigarrengoa nire munduaren aurkikuntzarekin lotutakoa.
Bi garraiobidek ere badute protagonismoa: itsasontzia eta hegazkina...
Bi garaiena aldez aurretik hartutako erabakia da baina ibilgailuak hainbesteko pisua hartzea ez zen erabaki kontzientea izan, baizik eta harian -harian etorri zena. Biek egiten dute nolabaiteko jokoa, bi istorioak lotuta kontatzen diren bezala, bi ibilgailuak ere lotuta daude. Hegazkinean datorren pertsona gogoratzen dabil bere amak itsasontzian egin zuen bidaia. Orduan, nolabait ere, txirikordatuta doaz bi istorioak, bi ibilgailuak eta bi garaiak.
Bidaian joate horrek ere badu bere sinbologia: ez hemengoa, ez hangoa...
Bidaia parentesia da, ez zaude ez leku batean ez bestean. Irakurketaren metafora ere izan daiteke, irakurketa aldian zauden bitartean momentu batean zure eguneroko eginkizunetatik apartatzen zara eta beste errealitate batean sartzen zara, fikzioaren munduan. Badago paralelismo bat, kontzientea izan den ez dakidan arren.


