Ramon Saizarbitoria: «Rikardo Arregi e Iñaki Beobide fueron muy importantes»
- Fecha9 de Noviembre
- Temática Literatura
Gipuzkoako Foru Aldundiak bera aukeratu du Urrezko Domina emateko, lurraldearen bereizgarri gorena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina emango dio Ramon Saizarbitoria idazleari. Iaz Juan Antonio Urbeltz folkloristak izan zuen aitortza goren hori, eta orain bi urte Benito Lertxundik. Saizarbitoriak literatur lanean jarraitzen du eta orain ipuin batzuk taxutzen ari da.
Askotan esan izan duzu idazten duzula errealitatetik ihes egiteko. Zehaztu dezakezu ideia hori?
Bai, hori da, baina idaztean errealitatearen zatiak erabiltzen ditut.
Zeren inoiz ez duzu literatura fantastikorik egin.
Ez, hori sekula ez. Bai, iruditzen zait ihes egiteagatik idazten dudala, baina aldi berean ulertzen ez ditudan gauza batzuk ulertzeko. Askotan gertatzen zait: idatzi arte gauza batzuk ez ditut ulertzen, eta ulertzeko irudi batzuk erabiltzen ditut. 'Lili'-ren kasuan, adibidez, banituen gauza ba-tzuk esateko, eta banuen saiakera bat egitea, eta beharbada interesgarri izan zitekeen, baina dibertigarriago zait esateko dudan hori istorioekin egitea; eta batez ere istorio-zatiekin.
Eta gainera, idazketa bera atsegin zaizu, gustura egiten duzu.
Bai, nahiago dut mahaian egon zerbait asmatzen Indiara bidaia bat egitea baino, edo kalean bueltaka ibiltzea baino. Bai, gustura nago hor bakean. Gero beste kontu bat da: hori zertarako?; zer egin idatzi duzunarekin? Egia da jolas hori ez dela jolas autista bat. Behar dut bestea, irakurlea, jolas horretan sartzea. Ez dut irakurle asko behar. Gertatzen da -eta hori nire kontra dator- mundu moderno honetan gauza hauek negozio bihur-tzen ari direla. Liburuek errentagarriak izan behar dute, bestela ez dago libururik ateratzerik, eta abar. Gauza horiek ni jadanik ez, baina gazteak bai, baldintzatu egiten dituzte. Hori da nire kezka gaur egun.


