Entrevista a Garazi Goia
- Fecha13 de Septiembre
- Temática Literatura
Pasa den astean aurkeztu zuten Mrs Hemingway eleberria (Txalaparta, 2016). Ernest Hemingway idazlearen lau emazteen bizipenak biltzen ditu Naomi Wooden nobelak. Liburuaren itzultzaile Garazi Goiarekin hitz egin dugu
Nola sortu zen liburu hau itzultzeko proiektua?
Maiz joaten naiz Londresko liburu-dendan topatu nuen liburua; ez nekien ezer Naomi Wood idazleari buruz, baina izenburuak erakarri ninduen. Liburua bi egunetan irakurri nuen. Beti nerabilkien buruan egunen batean ingelesetik euskarara itzulpen bat egiteko asmoa. Liburua irakurtzean garbi izan nuen hura izan zitekeela nire aukera.
Naomiri mezu bat idatzi nion. Hor hasi zen proiektuaren ibilbidea. Gero, Mikel Soto editorearekin harremanetan jarri nintzen….eta hemezortzi hilabeteren ostean hemen daukagu emaitza!
Zeuk proposatu bazenuen, zergatik iruditzen zitzaizun interesgarria eleberri hau?
Bi gauza nabarmenduko nituzke:
Batetik, euskaraz irakurtzea bultzatzeko, beste lurralde batzuetako lan onak irakurlegoari eskaintzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Euskal Herriko idazleek idatzitako liburuetara edo itzuli diren “klasiko” gutxi batzuetara mugatzen badugu euskaraz dagoen eskaintza, hori ez da nahikoa. Atzerriko idazleak ezagutzera ematea garrantzitsua da. Hori izan zen, motibazio bat.
Bestalde, liburuaren planteamentua bera eta Hemingway bezalako idazle bat ardatz nagusitzat edukitzea interesgarria zela iruditu zitzaizkidan. Eta, Hemingwayekin txundituta dauden emakumeen perspektiba hori ezagutzeak harrapatu ninduen. Gainera, lau emakumeen ahotsak nola elkar-trukatzen dituen benetan berezia da. Horrek indarra zeukala iruditu zitzaidan.
Eta, azkenik, proiektu honek bazuen aspektu pertsonalago bat ere; nire alaba izan ostean, amatasun bajan nengoen bitartean itzulpena egiteko helburua jarri nion nire buruari. Berezia izan da, eta izango da beti, zentzu horretan proiektu hau.
Nolakoa izan da itzulpen-prozesua? Noiz hasi, zenbat iraun, nola lan egin...
7 hilabete iraun zuen lehenengo faseak, amatasun bajan nengoen denbora hain zuzen. Diziplina eta konsistentzia handiz egin nuen lana denbora horretan. Gero, edizioa egiteko beste pare bat hilabete hartu genituen. Benetan eskertuta nago Mikel Soto eta Amaia Apaulaza editoreei.


