Alaine Agirre: «Escribo como vivo»


  • Fecha27 de Junio
  • Temática Literatura

Intentsitate handiko bi eleberriren ondoren, hirugarrena bidean duela, «ganberroagoa izateko eta erregistroz aldatzeko» gogoa duela dio Alaine Agirre idazle bermeotarrak

Haurrentzat idatzi dituen liburu ugariez gain, Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) helduentzako bi lan argitaratu ditu ia segidan, 'Odol mamituak' 2014an eta 'X hil da' 2015ean. Hirugarrena ere, Joseba Jaka bekarako hautatu zuten 'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama', amaituta du, «apainketa eta orrazketa» fasean.

Agirre ez da idazten berritan hasitakoa. Letrak elkartzen eta hitzak osatzen ikasi bezain pronto, irakasleak eskatutako esaldi bakarrera mugatu beharrean, zazpi lerroko paragrafo bat eraiki zuen, sirena bati buruzkoa. Lehen ipuina. «Hauxe egin nahi dut», esan zuen, eta horixe egin du harrezkeroztik, sariak pilatuz, bizitakoak partekatuz, irakurleen aurrean biluztuz. Halabeharrez. «Lehendik ere bizi nintzen nire munduan, baina idazten ikasi nuenean aurkitu nuen mundu horretara nahi nuenean sartzeko giltza. Niretzat arnasa hartzea bezala da idaztea».

Bizitzako une guztietan izan duzu idazketa arnasbide?

Bai, nire biziko momenturik txarrenean izan ezik. Momentu txarretan idazteko beharra daukat; ondo nagoenean ere bai, gero eta gehiago, baina orduan ez, ezin nuen. Lagun min batek bultzatuta hasi nintzen berriro idazten, haur literatura, eta geroztik ez naiz gelditu.

Idazketarekin duzun harreman horretan ez al dago menpekotasun puntu bat?

Agian bai. Intentsitate handiko pertsona naiz. 'Odol mamituak'en hasierako aipua «gorroto ditut emozio moderatuak» zen, eta horrelaxe idatzi izan dut orain arte, batere moderaziorik gabe, modu konpultsiboan. 'X hil da', esaterako, bi hilabetetan idatzi nuen. Orduak eta orduak ematen nituen idazten, hamabi, hogei... idazketarekin mozkortu arte. Orain nabil emozio moderatuen bila, konturatu naizelako horrela ezin dela bizi. Bi mundu dauzkat. Bat nire barruko mundua, txikitatik sortzen joan naizena. Idazketa izan da giltza mundu horretara sartzeko, baina hori ez da mundu erreala. Da mundu iluna, sintomaz, sentimendu intentsoz eta emozio fuertez betea. Gero dago mundu erreala, eta mundu horretara egokitu behar dut.

Leer información completa en el sitio web de la fuente