Pello Lizarralde: «La casa también puede ser una condena»

  • Pello Lizarralde, aste honetan Donostian. / MICHELENA

  • Fecha6 de Junio
  • Temática Literatura

Seigarren eleberria aurkeztu berri du Pello Lizarralde idazleak, 'Elur bustia'. Ramiro du protagonista, «erortzen ari den gizona», jaioterriko etxe aldera doana

Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956) Donostian izan da bere nobela berria aurkezteko: ‘Elur bustia’. Aspalditik bizi da Iruñean eta euskara-irakasletza du ogibide. Euskadi saria irabazitakoa da 2002ko ‘Larrepetit’-i esker eta oraingo nobela seigarrena du. Protagonista Ramiro da, «erortzen ari den gizona», eta hegoalderantz doana, jaioterriko etxe aldera.

Etxera bueltatze bat kontatzen duzu, beraz.

Nik uste dut etxeko soseguaren mito horrek oraindik indar handia duela. Joan deneko zortzi-bederatzi urteko krisi hau dela eta, askotan entzun dugu etxea babesa dela, eta jubilatu berriek eusten diotela etxeari, eta haien erretiro-sariari esker eraman izan dutela besteek egokitu zaien egoera lazgarria. Baina esango nuke etxea, askotan, zama ere badela, eta kondena ere izan daitekeela. Garai batean supazterrari lotzen zitzaion etxearen irudia, eta kontu kontari aritzeari otordu ondoetan. Komunikazio idealizatu bat ere egon izan da. Mikel Azurmendiren liburu batean ere aipatzen zen garai bateko esaera: «Zuk zure etxearen izena adina balio duzu».

Liburuko protagonistak etxera deitzen du eta sumatzen da esperantza izpi bat.

Etxea uzten duenak eta etxea ahazten duenak, badirudi kondena bat duela betiko, ez diolako erantzun erantzun beharrekoari. Etxea eta herria, biak askotan lotu dira. Jaioterria ere, zein neurritan da babes eta zein neurritan kondena? Hori seguru asko ez da sekula ebatziko, sekula argituko. Liburuan, zeharka edo liburuaren zimurretan, agian badago beste kezka bat: nik etxetik gertu, Iruñeko Parte Zaharrean, egunero bi eskale ikusten ditut. Lurrean eseri eta zakurra ondoan dutela egoten dira han. Sakelako telefonoa ere ondoan izaten dute, eta niri normala iruditzen zait eskaleek sakelako telefonoa eduki-tzea. Harritu egiten naiz batzuek pentsatzen dutelako hori gaizki dagoela; «nolatan egin liteke eskean horrelako telefonoa edukita?» eta antzekoak entzuten dira, esate baterako, zenbait tokitako kartoi- edo okume-etxolatan dauden antena parabolikoei buruz. Edo Gasteizen: «Bai, jendeak diru-laguntzak jasotzen ditu eta begira gero zer egiten duen diru horrekin!» Liburua bukatu berria nuela, iritsi zitzaizkidan amerikar batzuek egindako ikerketa baten ondorioak. Liburuaren izenburuak ‘Urritasuna’ edo horrelako zerbait esan nahi du, eta azpititulua ‘Eskasiaren zientzia berria’ du. Testigantza asko jaso dituzte eta hau esaten dute: «Hain diru gutxi daukan horrek, zergatik egiten ditu horrelako gastu irrazionalak?» Ikertzaile horiek frogatu dute egoera ekonomiko lasai samarra baldin badaukagu badugula kalkuluak egiteko aukera, baina oso estu dabilenak ez du horrelako kalkuluetarako astirik; erreakzio primarioak ditu eta hurrengo eguna da bere arazoa. Alegia, nola egin aurre hurrengo eguneko mehatxu horri. Liburuko Ramiro egon liteke horien artean, beharbada.

Leer información completa en el sitio web de la fuente