Manex Pagola: «La canción vasca tiene diversidad en su raíz»
- Fecha13 de Abril
- Temática Música, Patrimonio
Manex Pagola (1941, Landibarre, Baxenabarre) euskal kantugilerik emankorrenetakoa da. Bere obraren bilduma argitaratu berria, horren zati bat eskainiko dute Baigorriko kulturaldiaren kantaldian, 2016ko apirilaren 23an: inguruko kantariek emanik eta, hain segur ere, publikoak xuxurlaturik posteritatera pasatu hainbat pieza.
Nola esplikatzen duzu gaur egungo haurrek "Urtxintxak" kantua gogoz ezagutzea?
Kantu hori, ebiakoitz goiz batez idatzi eta konposatu nuen, etxean bakarrik nintzela, supazter aitzinean. Beti izan dira kantu batzuk besteak baino gehiago entzun direnak. Lehenago ikasten dira. “Urtxintxak”, aski modernoa da: itxura eta mugimendua badu. Urtxintxa animale enblematikoa da gure bazterretan: basa eta maitagarria da, forma berezia du, eta biziki trebea da. Ez da sekula kolpaturik ikusten: edo airean dabil, edo ez da hautematen. Hala gertatzen zait ene etxeko hurrondoetan, fruitu guziak eramaten dizkit nik ikusi gabe: badute hor haurrek identifikatzekoa.
Askatasunaz ere ari den kantua da...
Bai, baina hori, helduek dute sesitzen. Eta nonbait, seinale ona da libertateaz mintzo zaiguna gure ondokoei transmititzea.
Askatasuna bilatu zenuten zuk eta zure belaunaldiko multzo batek, seminarioa utziz...
Sistema horrek ez zituen gure ideiak onartzen. Guk ez genuen komentu hetsi batean irudikatzen gure burua: herrian, herritarrekin, eta euskaraz nahi genuen izan apez. Seminarioko zuzendaritzan, ez zuten hori konprenitzen... edo sobera ontsa egiten zuten. Nahi zuten haiei obeditzea: hitz potoloa da, gero, hori! Guk elkarlana nahi-eta, argi zen hautu bat egin beharko genuela, modelo berri batzuei jarraikiz.
Modelo berri horiek, nondik heldu ziren?
Hego-mendebaldeko Europan, bazen gauzen berriz ikusteko xedea. Unibertsitateko giroan hautematen zen gaitzeko barranba, askatasuna eta autokritika bultzatu beharrez. Adin horretan ginen gu ere, eta Euskal Herri zaharkitua aitzinean: jauntxoek eta apezek zaramaten antolaketak, jendea itotzen zuen. Euskara ere, gibelera ari zen.


