Peiremans+: «Es muy importante "meter el morro" en otras plazas que no son las nuestras»
- Fecha6 de Abril
- Temática Música
Peiremans+ taldean euskal pop musikaren izen handi batzuk bildu zarete. Nolakoa izan da Berri Txarrak, Bide Ertzean, Balerdi Balerdi eta Kashbaden topaketa?
Gorka (Berri Txarrak), Txiki (Kashbad) eta ni belaunaldi berekoak gara. Adinkideak, kasik. 90eko hamarkadan, hasi berritan, eszenatoki askotan egiten genuen topo. Nik artean Deabruak Teilatuetan taldean jotzen nuen. Garai hartako musikari askorekin harremana mantentzen dugu. Beraz, elkar topaketa nahikoa naturala izan zela esango nuke. 2005ean, Bonberenearen bueltan sortu zen EP bat ateratzeko asmoa. Bazegoen musika elkarrekin egiteko gogoa, eta gainontzekoa oso erraza izan zen.
Lehen grabazio hartan, Gorkak grabatu zuen baxua. Emanaldietarako Marino Goñi (Balerdi Balerdi) baxujolearen izena atera zen, berak gure gonbitea modu adeitsuan onartu, eta gaur arte.
Giro onenan grabatu omen duzue disko berria Bonberenean....
Grabazio egunak bereziak izaten dira. Emozionalki gorabehera handikoak. Giro onak baretzen ditu ordea, bateko zein besteko aldarteak. Horregatik da hain inportantea armonian aritzea. Dena den, ni aritu naizen grabazio guztietan egon da giro ona. Uste dut, oinarrian, hori dela musika talde baten martxara batzen gaituena. Une atsegin bat igarotzeko xedearekin, eguneroko errutina apurtu eta eguneroko gorabeherei aurre egiteko gogoa.
Beste 10 urte pasatu beharko dira Peiremans+en entrega berrirako?
Auskalo. Lehenago itzuli gaitezke. Edo sekula ez! Kar, kar, kar. Nork daki. Dena den, oso eskertuak gaude berragerpenak izan duen oihartzunarekin. Eta kantu berriek izan duten harrerarekin. Oso ondo pasa dugu gainera. Beraz, berragerpen berri baterako oinarri polita dugu orain. Dena den, beste saltsa batzuetan ere bagabiltza. Bistan denez. Oraintxe bertan, ezin dugu gauza handirik esan.


