Jon Arretxe: «La novela negra, por lo general, es progresista»
- Fecha1 de Marzo
- Temática Literatura
Toure protagonistaren inguruan saga bat egiten ari da Jon Arretxe. Lau liburu plazaratu ditu eta martxan da bosgarrena
Mahamoud Toure protagonista duen laugarren eleberria plazaratu du Jon Arretxek (Basauri, 1963). Aurrekoak bezala –‘19 kamera’, ‘612 euro’, ‘Hutsaren itzalak’– oraingo ‘Estolda jolasak’ hau nobela beltza da, baina badu bidaia-nobelatik ere, izan ere istorioaren parte bat Afrikan gertatzen da.
Toure pertsonaiaren lehenengo liburua egin zenuenean ere bazenuen gehiago egiteko asmoa, ezta?
Lehenengo aletik erabaki nuen saga bat egitea, bai. Aurreko istorioetan ezinezkoa izan zen, zeren gehienak hil egiten ziren. Irakurlego aldetik Tourek eduki duen harrerak gehiago animatu nau, jakina.
Nik irakurleekiko harreman oso zuzena edukitzen dut azoketan, sinaketetan-eta. Durangon badaramatzat hogei urte. Hasieran ez nuen piperrik sinatzen, behi sakratuen aldamenean egoten nintzen, lotsatuta. Oso feed-back interesgarriak dira, zeren nik banan-banan galdetzen diet zergatik erosi duten liburua. Batzuek esaten didate aurreneko aldia dela, ez nindutela ezagutzen, eta horrek kristoren ilusioa egiten dit.
Irakurleetan, gizonak ala emakumeak dira gehiengoa?
Emakumeak gehiago dira, bestela ere irakurle gehienak emakume direlako. Badakigu zer gertatzen den hemen eta inguruan: emakumeek askoz gehiago irakurtzen dute.
Nik, adibidez, gusturago irakurri dizkizut Bilbon gertatutako liburuak. Honetan, Toure Afrikara bidali duzu eta ondo dago, baina nik Bilboko San Frantzisko nahiago.
Kezka handia neukan alde horretatik. Azken batean ia-ia bidaia-literatura da berriro. Konbentzituta nengoen aldaketaren bat egin behar zela. Lehenengo bi liburuak Bilbon ziren erabat. Hirugarrena, Bilbo, Irun, Hendaia, Iparraldean gertatzen da. Laugarrenean zerbait ezberdina eskaini nahi nuen. Baten batek esan dit, bai, Afrikara joate hori ez zaiola gehiago gustatu. Nik badakit batzuk ez daudela batere hunkituta bidaia-literaturarekin. Literatura beltzaren irakurlea oso urbanoa da jeneralean, eta hiriak gustatzen zaizkio. Inoiz ez duzu jendea guztia pozik utziko.


