Donostia 2016. Cinco años de historia: Cronología
- Fecha25 de Enero
- Temática Artes visuales, Artes escénicas, Música, Audiovisual, Literatura, Archivos y bibliotecas, Museos, Patrimonio, Artesanía, Otros
2011
Ekainak 28. 2016. urteko Europako kultur hiriburu izendatu zuten Donostia, Madrilen.
2012
Urtarrilak 26. Donostia 2016 Fundazioa eratu zen. Ordura arte hautagaitzaren kudeatzaile izandako Eva Salaberriak hartu zuen zuzendari postua.
Maiatzak 8. Ainara Martin D2016ko zuzendari artistikoak dimisioa eman zuen, «arrazoi pertsonalengatik».
Maiatzak 10. Onarpen ofiziala. Europako Batasuneko Kultura ministroen Kontseiluak Donostiaren izendapena berretsi zuen.
Maiatzak 11. Olatu Talka jaialdia egin zuten.
Maiatzak 15. Aurrekontu murrizketa. 89 milioikoa zen hasierako kalkulua, baina 72 milioira gutxitu behar izan zutela jakinarazi zuten.
Uztailak 6. Fernando Bernues izendatu zuten proiektuko zuzendari artistiko.
2013
Martxoak 21. Espero baino ia bi milioi gutxiagoko aurrekontua. Hitzartutakoa baino %77 txikiagoa da Eusko Jaurlaritzak fundaziora bideratu zuen dirua (1,5 milioi adostu zituzten hasiera batean, baina 350.000 eurokoa da partida). Guztira, 3,5 milioi euroko aurrekontua izan zuten urte hartan.
Maiatzak 24. Olatu Talka jaialdia Donostia eta Euskal Herriko beste hainbat herritan.
Ekainak 21. Eva Salaberriak Donostia 2016ko zuzendaritza utzi zuen. Bestetik, 2020ra arteko aurrekontua 72 milioitik 62 milioira murriztu zuten.
Uztailak 5. Polemika piztu zuen Abc egunkariaren filtrazioak. Itziar Nogeras Elhuyar fundazioko zuzendariak lankideei helarazitako mezu bat publiko egin zuen. Donostia 2016ko zuzendari izango zela azaltzen zien lankideei Nogerasek. Artean lehiaketa publikoa egin gabe zegoen.
Uztailak 24. Itziar Nogeras izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari. Lehiaketa publikoa egin zuen LKS enpresak, eta 18 pertsonaren artean, Nogeras proposatu zuten posturako. Fundazioak gehiengoz onartu zuen proposamena.
Uztailak 25. Itziar Nogeras Donostia 2016ko bulegoko zuzendari izendatzeko prozesua «garbia» izan zela azaldu zuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Abuztuak 25. Donostia bisitatu zuen Europako Kultur Hiriburutzaren epaimahaiak, eta Diario Vasco egunkariak filtratutakoaren arabera, «oso kezkatuta» zeudela adierazi zuten. Proiektuak aurrekontuak betetzen ez zituelako, atzerapenak pilatzen zitzaizkiolako, lan taldea txikia zelako eta esku sartze politikoak zeudelako.
Abuztuak 31. Donostia 2016ren kultur arduradunek babesa azaldu zioten proiektuari, esku sartze politikorik egon ez zela esanez.
Irailak 16. Itziar Nogeras zuzendariaren aurkezpen ofiziala. Hautaketa prozesua gardena izan zela defenditu, eta izendapenak «erabateko adostasuna» izan zuela adierazi zuen.
Azaroak 16. Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak proiektuaren azken bi urteei buruzko txostena aurkeztu zuen. Proiektuaren alde europarra zaintzeko eskaria egin zuen, eta Madrili diru laguntzak ez atzeratzeko eskatu.
Abenduak 12. Fernando Bernuesek utzi egin zuen zuzendaritza artistikoa. Bestetik, Espainiako Kultura Ministerioa ere fundazioaren parte gisa onartu zuten, 1,1 milioi euroko ekarpena egingo zuela kontuan hartuta. 2014ko aurrekontua ere onartu: 6.855.298 eurokoa.
2014
Martxoak 6. Igor Otxoa Donostia 2016ko proiektuen zuzendariak utzi egin zuen kargua. Bernuesekin batera, «aurreko egituraren» parte zelako normaltzat jo zuen Otxoaren agurra 2016ko taldeak.
Apirilak 1. Itziar Nogerasek dimisioa emateko asmoa azaldu zion fundazioari. Hark jarraitzeko eskatu zion.
Apirilak 2. Itziar Nogerasek dimisioa eman zuen.
Uztailak 2. D2016k hiru hilabete zeramatzan zuzendari nagusirik gabe. Steve Green Europako Kultur Hiriburutzaren Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideetako bat Donostiara etorri zen, egoeraz hitz egiteko. Haren esanetan, hiriburutza guztietan egoten dira krisi uneak, eta programarekin aurrera egiteko eskatu zuen.
Irailak 6. Pablo Berastegi Lozano (Iruñea, 1968) izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari nagusi.
Irailak 12. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak salatu zuen D2016 zuzentzeko euskara ez eskatu izana.
Urriak 17. Donostia 2016 proiektuaren egoitza ofizialki inauguratu zuten.
Abenduak 5. Europako Batzordeak 1,3 milioi eman zizkion Donostia 2016 proiektuaren Corners of Europe, kontinenteko txokoetako sortzaileak harremanetan jartzeko plataformari.
2015
Urtarrilak 10. Donostia 2016ren kultur ikur ibiltaria izan behar zuen XVI. mendeko San Juan galeoiaren erreplika ez zutela garaiz amaituko adierazi zuten. Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian 2013ko urtarrilaren hasieran hasi ziren itsasontziarekin, baina arazo tekniko eta ekonomikoek atzeratu zuten proiektua.
Otsailak 26. Banakoek edo irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkeztutako proiektuak laguntzeko, 2.016 euroko 60 laguntza eta 20.160 euroko sei eman zituen Donostia 2016k.
Martxoak 13. Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko kide izanda ere, Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman zuen hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena, patronatuari aurretik abisatu gabe.
Martxoak 19. Juridikoki Espainiako Ministerioaren helegiteari aurre egitea erabaki zuen orduko Donostia 2016ren Fundazioaren patronatuko presidente Juan Karlos Izagirrek.
Martxoak 25. Bruselan Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen eta Aholkularitza Batzordearekin bildu ziren D2016ko ordezkariak.
Apirilak 29. Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ren proiektuari buruz argitaraturako txostenaren balorazio «positiboa» egin zuen Juan Karlos Izagirrek. Aldi berean, Melina Mercouri sariari esker 1,5 milioi euro jaso zituen D2016k.
Maiatzak 30. Olatu Talkaren seigarren edizioa egin zuten.
Ekainak 30. Hauteskundeak irabazita, Eneko Goia Donostiako alkate izendatu zuten, eta patronatuko kideak aldatu ziren: Goia patronatuko buru izendatu zuten, Miren Azkarate EAJko eta Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziekin batera.
Urriak 24. Espainiako Kultura Ministerioak atzera bota zuen hizkuntza gutxituen inguruko goi bilerari jarritako helegitea.
Urriak 30. Kutxa Fundazioak 500.000 euroko ekarpena egin zion D2016ri, kultur hiriburutzaren «babesle global» bihurtuz.
Urriak 31. Programazioaren aurkezpen ofiziala egin zuten Tabakaleran: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu aurkeztu zituzten.
2016
Urtarrilak 16. Wroclaw (Polonia) Europako beste kultur hiriburuak hasiera festa egin zuen, eta bertan izan ziren D2016ko ordezkariak.
Urtarrilak 19. San Sebastian eguneko danborradarekin batera, hasiera eman zioten D2016 kultur hiriburuaren urteari.


