Patxi Huarte "Zaldieroa": «Últimamente estoy enfurecido, quiero hacer menos humor y más reflexión»
- Fecha20 de Enero
- Temática Artes visuales, Literatura
De Rerum Natura komiki bildumaren seigarren alea kaleratu berri du Zaldieroa-k, azken bi urteetako hirurehun zinta baino gehiagorekin irudizko laburpen bat osatuz
Beste behin ere, gauzen berezko izaera komiki bihurtu du Patxi Huarte Larraburuk (Faltzes, Nafarroa, 1966), Zaldieroak, De Rerum Natura bildumaren liburu berrian. Seigarrena da hauxe, azken bi urteetako hirurehun zinta baino gehiago biltzen dituena. Arkatza zorrotz, burua argi, poesia eta metafora gehiago ekarri ditu lan honetara, Twitterreko “komunitate txiolari”aren ekarpenak ere marraztuz.
Santi Leoné idazleak, De Rerum Natura 6 liburuaren aurkezpenean izan zenak, zinta poetikoen gorakada nabarmentzen du. Gero eta poetikoago dabil Zaldieroa?
Bai, erabaki kontzientea izan da, Twitterrekin lotuta dagoena. Astero sare sozial horretatik txio bat hartu eta marraztu egiten dut, eta aukeraketa horrek gehienetan osagai liriko bat edukitzearekin du zerikusia. Beraz, lirikotasuna igo da, baina normalean ez dira nire ideiak izaten, besteengandik hartutakoak baizik.
Twitterreko txioen aukeraketa horrek erabat aldatu du irakurleekin duzun harremana. Hein batean, egileak bere bakardean marrazteari utzi dio?
Nire kasuan, jendearekin zuzeneko harremana daukat Twitterren. Komunitate txiolari bat sortu dugu eta bakarrik marraztearena alda-tzen joan da, dudarik gabe, orain nire irakurleak nire zinten gidoilari bihurtu ditudalako. Horregatik, auzolana egiten ari garela esatea gustatzen zait.
Ideien zurrunbilo horretan, nola egiten duzu komikiratuko dituzun eduki edo txioak aukeratzeko?
Aste osoko prozesua da. Zazpi egun horietan gogoko batzuk aukeratzen joaten naiz, eta astelehenean, horien errepasoa egin ondoren, guztietatik bat hartzen dut. Hala ere, gerta daiteke asteleheneko zeozer hartzea, aktualitateari estu lotua dagoelako.


