Entrevista a Patziku Perurena
- Fecha14 de Diciembre
- Temática Literatura
Herritar askorekin hitz eginda, Leitza eta inguruetako heriotza bortitzen kontaketak jaso ditu Patziku Perurenak 'Hilen xarma' liburuan
Leitzako (Nafarroa) eta inguruko herritar adinean aurrera joandakoei jasotako lekukotasunetan eta udal, epaitegi eta elizetako artxiboen arakatze lanean oinarrituta, azken 300 urteetan herri horretan eta ingurukoetan izan diren heriotza bortitzen kontaketak batu ditu Patziku Perurenak (Goizueta, Nafarroa, 1959) Hilen xarma liburuan (Elkar). «Batere bila ibili gabe, biziaren isurian, ura bezain natural hizpidera etorri diren kontuak dituzu hemengoak» ohartarazi dio hitzaurrean Perurenak irakurleari; azken urteetan ez ezik, azken hamarkadetan ere dabilen bidean egin baitu topo liburuan jasotako istorioekin, hots, Leitza eta inguruko kontuak ikertzen ari dela, Leitzako errege-erreginak liburuan (BBK Fundazioa, 1996) jasotakoen gisakoak.
«Badakit beste hamaika heriotza gogoangarri ere izanen dela, baina nik neure belarrira iritsi diren hauetxek jaso dizkizut, inguruko maisu-maistra xaharren kontaera fina omendu bidenabar», dio aurrerago Perurenak hitzaurrean. «Hori bai, galtzailearen aldeko justizia apur bat egiten saiatu naiz, eta jakina, horrek prepotenteren bat edo beste mintzeko arriskua dakar beti. Zinez eta bihotzez diot, ordea, nik ez dudala hitz erdi bat bakarrik ere paratu inori minik emateko asmo gaiztoz, baizik alderdirik mingarrienak leuntzen saiatu beti, galtzailearen aldeko jarrerari eutsiz, noski. Horretarako inoiz ez baita berandu izaten».
Liburuak «inolako graziarik baldin badu», grazia hori bere orrialdeetan agertzen diren kontuen berri eman dioten solaskideei zor diela dio, hitzaurre horretan aurrerago, Perurenak.


