Entrevista a Nagore Tolosa
- Fecha26 de Octubre
- Temática Literatura
Pasa den hilean aurkeztu zituzten udazkeneko labealdiko munduko poesia kaierak. Tartean, Ingeborg Bachmann idazle austriarrarena argitaratu du aurten Susa argitaletxeak. Nagore Tolosa (Berastegi, 1982) itzultzaileak hartu du horren ardura. Aurrez Philip Roth, Alice Munro edo Ray Bradburyren lanak itzulitakoa da Tolosa. Gasteizen bildu gara berarekin Bachmannen harrerari buruz, haren obrari buruz eta itzulpenaz jarduteko.
Susa argitaletxekoak nirekin kontaktuan jarri ziren proposamen-eske, eta nahiko azkar esan nuen baietz. Argi neukan emakume baten lana itzuliko nuela, eta kasik segituan erabaki nuen Bachmann izango zela.
Aspaldi ezagutu nuen Bachmann. Ni Alemanian egon nintzen orain dela 10 urte, institutu batean irakasle, eta bertan kanoneko idazletzat jotzen zen. Erreferente emakumeen bila nenbilen garai hartan, egarriz, ez nituelako aurkitzen. Eta orduko hartan, Bachmannekin topo egin nuenean, mitoa kontsumitu nuen, argi daukat: emakume bat, idazlea, genero askotan idatzi duena, bere zirkuluarekin, oinazez betea; arazo asko izan zituen, batez ere amaieran, botikako drogekin, alkoholarekin... Bachmannen gainean ere hainbeste dago! Dokumentalak, Malinan oinarritutako filma (Elfriede Jelinekek idatzi zuen gidoia). Drei Wege zum See (Hiru bide lakurantz) telebistarako drama, Michael Hanekek zuzendua.


